Pazko Asterako ekimenak antolatu ditu Gazteria Sailak

Uztarria.eus 2014ko mar. 28a, 19:18
Gaztetxoak Pazko Asteko ekimenez gozatzen

Hiru programa prestatu dituzte: 5 eta 7 urte arteko haurrentzat aurrena, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat bigarrena; eta 13 eta 18 adin tartean dauden gazteentzako, hirugarrena. 

Pazko Astean ez dute aspertzeko aitzakiarik izango herriko gaztetxoek. Izan ere, 5 urtetik hasi eta 18 urte bitartekoentzako hainbat ekimen prestatu du Udaleko Gazteria Sailak. Dantzak, irteerak, txapelketak... Denetik egiteko aukera izango dute. Apirilaren 22an hasiko dira ekimenak, asteartean, eta apirilak 25ean, ostirala, bukatu. Lau egunetatik hirutan, hitzorduak goizez izango dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Hilaren 24an, osteguna, egunpasa egingo dute adin guztietako gaztetxoek, eta 13:00etan bukatu ordez, 17:30era arte luzatuko dute eguneko ekimena. 

Bost, sei eta zazpi urteko haurrek jolas ugari egingo dute lau egunetan. Harrera egunarekin zabalduko dute astea, eta bigarren egunean, Ingurugiro etxera bisita egingo dute. Ostegunean, egunpasa egingo dute Kamelot jolas-parkera txikienen gozamenerako. Amaitzeko, ostiralean, Altxorraren bila jolas dibertigarriarekin entretenituko dira umeak.

Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6 mailetako ikasleek ere lau eguneko programaz gozatzeko aukera izango dute. Harrera eguna egingo dute hasteko. Asteazkenean, Zunba dantzen erritmora mugituko dira. Hurrengo egunean, Txindokiko itzalera egingo dute egun osoko irteera, eta amaitzeko, mendi buelta egingo dute.

Aurreko bi programetako batean parte hartu nahi duenak, Iturritxiki ludotekan edo Txiki Txoko ludotekan izena eman beharko du apirilaren 4a, ostirala, baino lehen. Bilgunea, egunero, Betharram ikastetxea izango da. Ludotekako bazkideek 12 euro ordaindu beharko dituzte, eta bazkide ez direnek, 15 euro.

XV. Gazte Astea 13 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago; hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1, 2, 3, 4 mailetan dauden edo Batxilergoa ikasten ari diren gazteentzat. Sukaldaritza txapelketarekin ekingo diote asteari. Parte hartzeko euro bat ordaindu beharko da, eta Gaztelekuan izango da. Txapelketatik txapelketara. Asteazkenean futbol txapelketaren tartea izango da. Kasu honetan, polikiroldegian elkartuko dira, eta prezioa euro batekoa izango da. Apirilaren 27an, osteguna, Laser gunera joango dira, anbulategi aurretik abiatuta. 15 euro ordaindu beharko dute egunpasa. Amaitzeko, dantza eta perkusio saioak egin dituzte Gaztelekuan, euro baten truke. Parte hartzeko Gaztelekuan bete beharko da izen-ematea, apirilaren 5a baino lehen.

Urrestillan ere, ekimen ugari

Urrestillako gaztetxoek ere ekimen ugari izango dituzte Pazko Asteaz gozatzeko. 5 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartu dezakete. Asteartean talde jolasak egingo dituzte, eta asteazkenean, mugi gaitezen ekitaldiarekin entretenituko dira. Osteguneko irteera, Azpeitiko gazteekin batera egingo dute (txikienak Kamelotera joango dira, eta LH3, LH4, LH5 eta LH6 mailetako ikasleak, Txindokira). Amaitzeko, ostiralean, Altxorraren bila jolasa egingo dute. Goizero, Nerabeen lokalean elkartuko dira.

Urrestildarrek apirilaren 4a baino lehen eman beharko dute izena Urrestillako estanko txikian. Parte hartzeko 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Informazio gehiago Gazte Informazio bulegoan bertan (Plaza Txikia z/g) edo telefonoz eskuratu daiteke: 943-15 71 60 edo 943-15 71 61 telefono zenbakietako batera deituta.