Zilarrezko Q saria jaso du Mikel Uria jatetxeak

Uztarria.eus 2014ko mar. 28a, 17:26

Herriko beste zazpi turismo enpresek ere kalitate ziurtagiria jaso dute: Landeta jatetxeak, Laubide jatetxeak, Sagasti Zaharrek, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, Larrañaga hotelak, Jai-Alai jatetxeak eta Kiruri jatetxeak, hain zuzen. Kalitate ziurtagiriak turismo enpresen lehiakortasuna eta profesionaltasuna frogatzen du.

Kalitate ziurtagiriak banatzeko ekitaldia egin zuten atzo, osteguna, Irungo Ficoba erakustaazokan. EAEko 349 turismo enpresa saritu zituzten; horietatik zortzi, Azpeitikoak. Mikel Uria jatetxea kalitatearen Zilarrezko Q saria jaso zuen, eta gainontzeko zazpiek kalitate ziurtagiria: Landeta jatetxeak, Laubide jatetxeak, Sagasti Zaharrek, Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, Larrañaga hotelak, Jai-Alai jatetxeak eta Kiruri jatetxeak.

Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak saritutako turismo enpresetako kideak zoriondu zituen ekitaldian: "Zorionak 2013an kudeaketa-programetan kalitatea erakutsi duzuen turismo arloko enpresa guztiei; zuen profesionaltasuna frogatzen duten eta zerbitzu hobea eskaintzen duten arauak ezarriz erakutsi ere. Zuen ahaleginari esker, guztira, milatik gora turismo-enpresak daukazue kalitate-ziurtagiria". Oraindik bide luzea egiteko dagoela nabarmendu zuen: "Guztira, milatik gora turismo-enpresak daukazue kalitate-ziurtagiria. Baina bide luzea daukagu egiteko. Euskadiko turismo-industria ordezkatzen duten 22.000tik gora enpresa daude, eta lehiakortasuna hobetzea ezinbestekoa da".

Sailburuak esan zuenez, "turismoak Euskadiko jarduera ekonomikoa areagotzen lagundu dezake eta lagundu behar du, eta hori lortzeko, lehiakorragoak eta profesionalagoak izan behar dugu. Hemen zaudetenok horretarako pausoak eman dituzue, baita geuk ere, Eusko Jaurlaritzako kideok".

Sariak banatu ostean, 2020rako Euskadiko Turismoaren Plan Estrategikoaz mintzatu zen Tapia. Gaur egun martxan dago plana, esparru publiko-pribatuko koordianazio eta lankidetza instituzionaletako plana, hain zuzen. "Planeko egoera-diagnostikoaren arabera, Euskadi ibilbide laburreko helburu turistikoa da oraindik, gero eta garrantzitsuagoa izan arren. Datozen urteetan, ikusgarritasun eraginkorragoa lortu beharko du Euskadiko eskaintzan interesatutako bidaiariei dagokienez; alegia, Turismoaren Munduko Erakundearen arabera, 2020an munduan zehar ibiliko diren 1.600 milioi pertsonentzat ikusgarri izan behar gara". Helburu horri begira, planak hamar helburu zehazten ditu: 

  • Euskadiko enpresa turistikoen lehiakortasuna areagotzea.
  • Turismoak Euskadin aberastasuna sortzeko egiten duen ekarpena areagotzea.
  • Euskadi helburu bakar eta bereizi gisa posizionatzea.
  • Euskadiren marka turistikoak lehentasunezko merkatuetan duen nabaritasuna areagotzea.
  • Euskadira datorren bidaiari-kopurua areagotzea.
  • Euskadira datorren bidaiarien gastua areagotzea.
  • Euskadik kudeaketa turistiko jasangarrirako eredua edukitzea.
  • Euskadiko industria turistikoaren eta turismogunearen monitorizazioa, kudeaketa eta jarraipena egitea ahalbidetuko duen informazioa eskuratzea.
  • Bidaiariek maila handikoa iriztea hautemandako kalitateari.
  • Euskadira datozen bidaiariak gogobetetzeko eskaintza eskaintzea.

Estrategia horietatik abiatuta, 2020 urtera iristerako bisitari kopurua bikoiztea da helburua Tapiaren hitzetan: "Gure okupazio mailak oraindik ez dira % 50era iristen eta hobetzea lortu behar dugu, modu egokian haziz. Helmuga ezberdinak bilatzen dituzten milaka pertsonari erantzun behar diegu; Basque Style-a bilatzen dutenei. Zuei esker, gu ezagutu ondoren, horietatik %98k helmuga gisa gomendatzen gaituzte".

Amaitzeko, turismo enpresetako enpresariak Planean parte hartzera aniatu zituen Tapiak, "hazteko eta hobetzeko formula egokia dela pentsatzen baitut".