Energia kontsumoan aurrezteko egindako eta egin asmo dituen lanak aurkeztu ditu Udalak

Uztarria.eus 2014ko mar. 28a, 13:55
Ezkerretik eskubira, Alfon Lizarralde, Izaskun Zeziaga eta Eneko Etxeberria gaurko agerraldian.

Azken urteotan energia kontsumoa murrizteko neurriak hartu ditu Udalak, eta lehen datuak aurkeztu dituzte gaur, ostirala, egin duten agerraldian. Aurrera begira ere, udal eraikinetan eta kale argiterian neurriak hartuko dituztela azaldu dute, energia kontsumoa jaisteko.

Azpeitia 2025 Plan Estrategikoaren baitan, energiari lehentasuna ematea erabaki du Azpeitiko Udalak. Hori dela-eta, energiaren inguruan abian dituzten eta aurrera begira aurreikusi dituzten hainbat ekintza zehaztu dituzte: eraginkortasun energetikoa lortzea, kontsumoen murrizketa eta energia berriztagarrien ezarpena. Horrenbestez, Udalak argiteria publikoaren inguruko eta udal eraikinetako energia kontsumoaren gainean hainbat erabaki hartu du, Energiaren Euskal Erakundearekin batera. Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, "Azpeitia punta-puntan dago energiaren gaian".

2013ko energia kontsumoaren inguruko datuak eman ditu Udalak gaur, ostirala. Agerraldian jakinarazi dutenez, gasaren kontsumoaren datuak hurrengoak izan dira 2013an: kirol instalazioetan, batez ere igerilekuan, kontsumitu da gas gehien, %71; gainerako udal eraikinetan %17 eta ikastetxeetan %12.

2013an argindarraren kontsumoa, berriz, horrelakoa izan da: kaleko argiterian eta semaforoetan zenbateko osoaren %53 kontsumitu da (2012ko datuekin alderatuta %7 jaitsi da), kirol instalazioetan %20, bestlako udal eraikinetan %20, ikastetxeetan %6 eta bestelako erakinetan %1. Agindar kontsumoaren datu orokorrei begiratuta, 2012tik 2013ra, %3,4 murriztu da kontsumoa.

2013ko Udalaren energia elektriko guztiaren kontsumoa 3.546.400 kilowatiokoa izan zen, 586.946 eurokoa. Eta, argiteria publikoaren kontsumoa, berriz, energia elektriko kontsumo guztiaren %53 kw-tan eta %44,6 eurotan.

Hartutako neurriak

Energia kontsumoaren murrizketa "Udalak hartutako neurriei esker" lortu dela esan dute Alfon Lizarralde Udaleko Hirigintza saileko teknikariak eta Izaskun Zeziaga Ingurumen teknikariak. Hala nola, fluxu erregulatzaileak ezarri dituzte kale argiterian. Programa baten bidez argiteria publikoaren intentsitatea jaitsi dute, argi denak piztuta mantenduta, eta kontsumoan %45 aurreztea lortu dute. Lizarraldek jakinarazi duenez, "urtez urte lortu da intentsitatea jaisten joatea, eta emaitza onak eman ditu. Garrantzitsua da argiteria publikoa zaintzea".

Bestalde, argiteria, koadro elektrikoak eta fluxu erregulatzailea zaintzeko telegestio sistema ere ezarri dute. Webgune baten bidez, koadro bakoitzaren parametro elektrikoak, kontsumoak, aurrezpenak, grafikoak, alarmak eta abar kontrolatzen dituzte 2013az geroztik. Lizarraldek azaldu duenez, "telegestio horri esker lortu da argiteria pizteko eta itzaltzeko ordutegia egokitzea, eta egunez argiak itzalita edukitzea". Hala ere, hobetzen jarraitzeko asmoa agertu dute.

Instalatutako lanparen potentzia jaistea ere helburu dutela jakinarazi dute, eta horretarako kontuan izan dituztela, gehiegi argiztatutako guneetan lanparak ordezkatzea eta zaharkitutako lanparak eta errendimendu txikiagokoak aldatzea. Lizarraldek jakinarazi duenez, "LED teknolgia ezartzea aurreikusten dugu, baina garestia da eta ea diru-laguntzarik eskuratzen dugun".

Ekintza horiek guztiak aurrera eramateko, 40.000 euroko (BEZa aparte) inbertsioa egin du Udalak, eta %60 diru-laguntzetatik jaso du.

Lortutako emaitzak

Fluxu erregulatzailearekin, urteko, 971.410 kw/urteko aurreztu ziren 2012an eta 2013an, eta horrek argiteria kontsumo osoaren %34a ordezkatzen du. Argindarrak egun duen prezioarekin, urteko 135.000 euro aurreztu dituzte.

Potentzia murrizketarekin mila bat lanparatan (4.100 bat daude herrian) egin du lan Udalak azken urteotan (ongi daudenak berritu eta zaharkitutakoak aldatu). Horrez gain, semaforo guztietan LED optikak jarri dituzte. 80 kw da neurri horiei esker murriztutako potentzia, eta gutxi gorabehera, 45.000 euro aurreztu dituztela azaldu dute.

Aurrera begira

Udalak aurrera begira energia kontsumoaren inguruan dituen erronkak finkatu ditu dagoeneko. Besteak beste, potentzia murrizketarekin eta gauetan fluxu erregulatzailearekin jarraitzea aurreikusten dute. Baita LED teknologia ezartzea ere. Gainera, datozen urteetarako ekintzak antolatzeko auditoria energetikoa egingo du Udalak.

Hainbat eraikin publikotan (kiroldegian, udaletxean, Izarraitz pilotalekuan eta Karmelo Etxegarai Ikastolan) eginda dituzte auditoria energetikoak, eta Lizarraldek azaldu duenez, "asko dira proposatutako neurri zuzentzaileak, eta inbertsio handia suposatzen dutenez, lehentasunak ezarri beharko ditugu". Gainerako eraikin publikoetan auditoriak egingo dituztela jakinarazi, eta udal eraikinen artean energia kontsumitzaile handiena igerilekua dela zehaztu dute: "Azterlanean ari gara igerilekuko energia eta gas kontsumoa jaisteko, eta energia berriztagarriak aztertzen ere ari gara, eta horrekin jarraituko dugu". Izaskun Zeziagak jakinarazi duenez, "beharrezkoa da herritarren kontzientziazioa energia kontsumoa jaisteko, eta ohiturak zaindu behar dituzte".

Gainera, "Eraikinen Ziurtagiri Energetikoa lortzea derrigorrezkoa denez legez, hasita gaude eraikin guztiena lortzeko antolaketarekin". Horrez guztiaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak bukatu berri duen Energia Plana laster eskualdeka aurteztuko duela eta, Azpeitiko Udalak jakinarazi du Energiaren Mahaian parte "aktiboa" hartuko duela.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urola Erdian abian jarri zuen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan 60.000 euroko aurrekontua bideratu zuen, herritarrek hala aukeratuta, eskualdeko Subiranotasun Energetikoaren inguruko azterlana egiteko, eta Udalak hor ere parte hartuko duela esan du.