Fernando Morillo: "Oso literaturzale edo euskaltzale direnek irakurtzen dute euskaraz"

Gipuzkoako Hitza 2014ko mar. 28a, 13:06
Fernando Morillo.

Kaleko euskararen eta euskal literaturakoaren artean distantzia handia dagoelakoan dago Fernando Morillo idazlea (Azpeitia, 1974). Horri aurre egiteko prozesu bat behar dela uste du, "eta egiteko dagoela". Hark sortutako Gaumin argitaletxeak apirilaren amaieran kaleratuko ditu irakurketa errazeko euskarazko lehen lau liburuak.

Nondik dator Irakurketa Errazeko liburuak kaleratzeko asmoa?

Beti izan dut kezka. Komunikatu egin nahi izaten dut, eta ohartzen nintzen euskal irakurle askori (gune erdaldunetan zein oso euskaldunetan) asko kostatzen zitzaiola eleberri normalak ere irakurtzea. Horri bueltaka, nire aldetik ari nintzen irakurketa errazteko ahaleginean. Baina gero jakin nuen Finlandian eta Suedian ohartu zirela gizartearen %30ak zailtasunak zituela irakurtzeko orduan: dislexia zutenak, bestelako kontu psikologiko edo fisikoak, etorkinen kasuak... Jende horrentzat irakurri ezin zituen ohiko liburuak edo haurrentzako liburuak soilik zeuden. Eta duela 30 urte Herrialde Katalanetan hasi ziren irakurketa errazaren metodoarekin. Hasiera batean, etorkinentzako hasi ziren, baina ohartu ziren herritarren artean orokorra zela irakurtzeko zailtasun hori. Hala, Blanca Matarekin kontaktatu nuen; sorpresa hartu nuen gurean ere bazegoelako irakurketa errazaren aukera, baina euskaraz ez zuen ezer. Argitaletxeetara jo arren ez baitzuen lortzen. Guri, berriz, iruditzen zaigu lehen aipaturiko herritar horiei guztiei edo Euskal Herrian alfabetatu gabeko hainbat belaunalditako jendeari eskaintzeko aukera ederra dela.

Zein ekarpen egin nahi duzue?

Ahalegina, behintzat, egin nahi genuke. Nahasgarri izan daitekeen edozer ulergarri bihurtzea nahi genuke. Batzuek diote idazteko orduan muga izan daitekeela; nik esango nuke tresna erraz bat dela eta idazteko aukera ematen duela. Marrazkilari bati arkatza emanez gero, kolorerik ez du izango, baina moldatuko da marrazkia egiteko. Baldintzatxo batzuekin lan egitea da; sortzaile gisa emozioa ematen dit era horretara lan egiteak, eta herritar gisa oso beharrezko tresna iruditzen zait. Egunero ikastetxez ikastetxe nabilela ikusten baitut hainbat gazteri ikaragarri zaila egiten zaiela euskaraz irakurtzea. Ez dakit zer irtengo den, baina irakurtzen gozatzen ez duen hainbati gozamenerako aukera eskaini nahi diogu. Euskaraz gozatzeko ohitura sortu, eta gero joan daitezela nahi dutenera.

Elkarrizketa osorik Gipuzkoako Hitza-ren webgunean.