Apirilaren 6an izango da Urola bailarako XXXVII. Argazki rallya

Uztarria.eus 2014ko mar. 25a, 18:38

Azpeitia eta Azkoitia artean izango da rallya, eta parte hartzeko ezinbestekoa da kamera digital eta memoria txartel banaren jabe izatea. Izen-ematea rallyaren egunean bertan egingo da, 09:00etatik 09:30era bitartean, Azpeitiko Argazki Elkartean.

Apirilaren 6an izango da Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatutako Urola Bailarako XXXVII. Argazki Rallya. Azpeitia eta Azkoitia arteko ibilbidean egingo dute, 09:00etik 14:00etara. 

Parte hartzeko nahikoa da kamera digitala eta memoria txartela izatea. Izen-ematea egunean bertan egingo dute, Elkartearen egoitzan (Perez Arregi, 1), goizeko 09:00etatik 09:30era bitartean, eta hamasei urtetik gorako parte hartzaileek hamar euro ordaindu beharko dituzte. Memoria txartelak hutsik aurkeztu beharko dituzte parte hartzen dutenek. Argazki guztiak erresoluzio onenean atera beharko dituzte argazkilariek, eta JPG formatuan. 13:00etatik 14:00etara txartelak deskargatzeko tartea izango da. Argazkilariek txartelean, gehienez, 36 argazki izango dituzte, kontrolekoak barne. Argazkiak ezabatu daitezke, baino inoiz ez manipulatu. Ordenagailuak erabiltzea guztiz debekatuta dago. 

Rallyaren egunean hamaiketakoa izango da guztientzat. Bazkaria ere antolatu dute, eta joan nahi dutenek, izen-ematea egiterakoan adierazi beharko dute.

Apirilaren 13a baino lehen, partaideak gai bakoitzeko argazki bat aukeratu eta bere argazkilari zenbakia eta argazkiaren zenbakia adierazi beharko ditu argazkiakaae@hotmail.com helbidera mezu bat bidalita. Puntuak emateko orduan, epaimahaiak kontuan izango ditu berezkotasuna, sormena eta teknika. Guztira zazpi sari banatuko dituzte: nagusien mailan lau; eta 16 urtez azpikoen artean, beste hiru. Nagusien mailan, lehen bilduma onenaren irabazleak 150 euro eta Azpeitiko eskudela jasoko ditu. Bigarrenak, 120 euro eta garaikurra eramango ditu etxera, eta hirugarrenak, 90 euro eta garaikurra. Herriko lehen ez sarituak ere saria jasoko du: 60 euro eta garaikurra. Gaztetxoen mailan jasotako lehen hiru bilduma onenak sarituko dituzte, eta hiru irabazleek garaikur bana jasoko dute.

Epaimahaiak maiatzaren 17an emango du irabazleen berri 18:00etan, Urola Trenaren museoko ikus-entzunezkoen gelan. Ondoren, argazki guztien emanaldia eskainiko dute, eta amaitzeko, sari banaketari ekingo diote. Argazki sarituak antolatzaileen esku geratuko dira eta erabiltzeko eskubidea izango dute, beti ere, egileen izenak aipatuz.