Aske utzi dituzte atzo Gasteizen atxilotutako sei lagunak

Uztarria.eus 2014ko mar. 19a, 19:00

Ikasleek Gasteizko unibertsitatearen aurrean egin dute elkarretaratzea, goizean. (Haraba!)

Guztira sei lagun atxilotu zituen atzo Ertzaintzak Gasteizko campusean, Ikasle presoak klasera lelopean egin zuten elkarretaratzean. Atxilotuetako bat azpeitiarra da. Bihar, ostirala, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea izango da plazan, 18:00etan hasita.

Atzo goizean Gasteizko campusean atxilotutako sei lagunak (azpeitiar bat tartean) aske utzi zituzten gauean, eta gaua etxean pasatu dute. Atxilotuek, printzipioz, ez dute epailearen aurretik pasatu beharko, baina naiz.info webguneak jakinarazi duenez, "autoritatearen aurkako atentatua" leporatzen diete.

Atzo goizean elkarretaratzea egin zuen hainbat ikaslek Gasteizko campusean Ikasle presoak klasera lelopean, haien ikasteko eskubidearen alde. Elkarretaratzea amaitzean, Ertzaintza bertaratu eta sei lagun atxilotu eta beste hainbat zauritu zituen. Atxilotu guztiak Lakuako (Gasteiz) ertzain etxera eraman zituzten.

Urola Kostako Hitza-k azpeitiar atxilotuaren lagun batekin hitz egin zuen atzo eta hark adierazi zionez, "ertzainek parean egokitutakoak atxilotu dituzte". 

Bihar, ostirala, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea izango da plazan, Errepresiorik ez! Geroa gazteona da! lelopean, 18:00etan hasita.

Gertakariaren inguruko informazio gehiago Berria-n.