Hainbat ekimen antolatu dute Pasaiako sarraskiaren 30. urteurrenaren harira

Uztarria.eus 2014ko mar. 17a, 20:51
Agerraldia egin dute 'Kurro' eta 'Pelitxoren' senideek eta lagunek haien oroimenez Enparan Dorretxearen atzean dagoen monolitoaren aurrean.

Agerraldia egin dute gaur, astelehena, duela 30 urte Pasaian hildako herritarren senideek eta lagunek, eta "Pasaiako badian pasatu zena argitzeko eskatzen" jarraituko dutela adierazi dute.

Duela 30 urte Pasaiako badian emandako sarraskia argitzeko eskatuz agerraldia egin dute gaur, astelehena, Kurro eta Pelitxo azpeitiar biktimen lagunek eta senideek, eta herriko hainbat lagunek. "Pasaiako badian pasatu zena argitzeko eskatzen jarraituko dugu, nahiz eta gertatu zenaren berri izan, bertsio ofiziala egian oinarritu dadila eta erantzule politikoak nor diren argitu dadila eskatzen dugu", esan dute. 

Bertsio ofizialaren arabera, Pasaiakoa enfrentamendu bat izan zen, baina testiguen hitzetan, errealitatea bestelakoa izan zen: Komando Autonomo Antikapitalistetako bost kide txalupa batean zihoazen Pasaiako badiaruntz. Espainiako polizia zain zuten han, segada bat zen, hain zuzen. Segada "krudel eta anker" hartan lau lagun erail zituen Espainiako poliziak: Dionisio Aizputu Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu txantrearrak, hain zuzen. Joseba Merino zen bosgarren laguna, eta 17 urte egin ditu espetxean. "Aurrez pentsatu, prestatu eta erabakitako sarraskia izan zen, eta gaur egun oraindik inork ez du sarraski horren gaineko erantzukizunik. 30 urte igaro dira epaiketa, deklarazio eta abarren ondoren, eta oraindik ere sarraskia argitu gabe dago", azpimarratu dute. 

Kurro eta Pelitxo 21 eta 23 urteko azpeitiar gazteak ziren. "Gure senideak ziren, gure lagunak. Duela 30 urte erailak izan ziren, gure bizitzetatik atera zituzten, baina oraindik ere gure oroimenean ditugu eta oroimenean izango ditugu", azaldu dute haien senideek eta lagunek. 

Urteurrena dela-eta hainbat ekimen antolatu dituzte Kurro eta Pelitxoren senideek eta lagunek, herritarrek ere parte har dezaten. Batetik, aste honetan zehar, 17tik 21era bitartean, gertatutakoaren erakusketa bat egongo da Betharrametako aretoan. Egunero zabalduko dute, 18:00etatik 20:00etara. Bestalde, zapatuan, hilaren 22an, ekitaldia egingo dute herriko plazan 19:30ean hasita.