'Urola Gustagarri', bertako ekoizle, produktu eta jatetxeen uztarri

Uztarria.eus 2014ko mar. 7a, 13:27
Urola Gustagarri ekimenaren sustatzaile eta parte hartzaileak.

Gaurtik, ostirala, hasi eta apirilaren 27ra bitartean esne bildotsaz eta arkumetik eratorritako produktuekin egindako menuak dastatu ahal izango dira Urola Erdiko hainbat jatetxetan. Horrez gain, eta denbora tarte berean, bisita gidatuak, topaketak, azoka bereziak eta ekimen gastronomikoak izango dira Urola Erdiko hainbat txokotan.

Urola Gustagarri ekimena jarri dute abian Iraurgi Berritzenek eta Urkomek, "bertako produktuen eta ekoizleen artekoa eta euskal sukaldaritzaren eta jatetxearen arteko dikotomia uztartzeko". Hori dela-eta, Urola Erdiko hainbat jatetxetan (Azkoitiko Aittola-Zar, Aizarnako Aranburu, Beizamako Ostatu Zaharra, Azkoitiko Iturri, Azkoitiko Joseba, Azpeitiko Kiruri, Azpeitiko Landeta, Azpeitiko Larrañaga, Azpeitiko Mikel Uria, Azpeitiko Sagasti Zahar eta Aizarnazabalgo Uztarri) Eusko Labeldun esne bildotsarekin eta arkumetik eratorritako produktuekin egindako hainbat plater dastatu ahal izango da, gaurtik, martxoak 7, apirilaren 27ra bitartean. Manuel Labaka Urkomeko lehendakariak azaldu duenez, "esne bildotsa aukeratu dugu data egokiak direlako eta artzantzan tradizio handia dagoelako Urola Kostan".

Horrez gain, eta denbora tarte berean, bisita gidatuak, topaketak, azoka bereziak eta ekimen gastronomikoak izango dira Urola Erdiko hainbat txokotan. Landa garapena eta ostalaritzaren jarduera ekonomikoak, biak sustatzeko asmoz, egin dute bat Urkomek eta Iraurgi Berritzenek. Gainera, Urola Erdiko turismo eskaintza ere indartu nahi dute Urola Gustagarri ekimenaren bidez, bisitaldi turistikoei elementu gastronomikoa erantsiz. Hemen eskuorria osorik: