Alex Silva: "Tokikomekin edo Hekimenekin harremana izan behar dugu, ezinbestean"

Uztarria.eus 2014ko mar. 7a, 16:32
Alex Silva.

Euskal Kazetarien Elkargo sortu berriaren zuzendaritza batzordeko gazteena eta gipuzkoar bakarra da azpeitiarra. Ia erabat Bizkaiari lotuta zegoen Euskal Kazetarien Elkartetik eratorritako elkargoak zeregin asko duela dio, besteak beste EAE osoko kazetariak kontuan hartzeko, tartean euskarazko komunikabide handi zein txikietakoak. "Zerotik hasten" dira, ordea, eta etxea eraikitzea bera dute lehendabiziko etxeko lana.

Zergatik elkarte izatetik elkargo izateko pauso hori?

Elkarte bat zerbait pribatua da, edozeinek lehendakari, idazkari eta diruzain bat izendatuta, estatutu batzuk onartu eta erregistratu dezakeena. Elkargo bat sortzeko, aldiz, lege bat sortu behar dute; Jaurlaritzak onartuta edo, gure kasuan bezala, Legebiltzarrak onartuta. Legea egiteko ekimena aurkezten duen taldeak aukera dezake tramitazioa Jaurlaritzak egitea edo Legebiltzarrak. Guk erabaki genuen Legebiltzarrean bidea egitea, iruditzen zaigulako kazetaritza badela gizartearen erakusle bat, gizartearen egoera irudikatzen duen lanbide bat, eta gizartea politikoki irudikatzen duen erakundea Legebiltzarra da. Egia da elkarteak beste malgutasun bat duela, elkartekideek beraiek ezarri ahal dituztelako hainbat arau. Baina, era berean, elkarteak ez du elkargoak ematen duen babesa eta indarra. Elkargoa publikoa da, nolabait, eta hori da bien arteko diferentzia nagusia, pribatu eta publikoaren artekoa.

Legebiltzarrak 2012an onartu zuen Euskal Kazetarien Elkargoa sortzeko legea, eta 2014ko otsailean egin duzue eratze batzarra.

Legea onartu eta elkargoa bi urtera eratuta, oso arin ibili garela esan daiteke. Espainian sortu diren beste ellkargo profesionalek denbora gehiago behar izan dute, legea onartu eta ondorengo pauso administratibo guztiak osatu eta eratze prozesua gauzatzeko. Otsailaren 22an, egin genuen batzar eratzailea. Hor onartu ziren, batetik, elkargoaren estatutuak eta horiei aurkeztutako emendakin bakarra; eta, bestetik, zuzendaritza batzordea. Batzarrera bitarteko prozesuan legearen tramitazioa, estatutuen eta elkargoaren izaeraren definizioa, eta batzar eratzailera iristeko eman beharreko pausoak egon dira. Berez, horiek egiteko bi urte ez da asko.

Momentu honetan zenbat kide ditu elkargoak?

Egia esan, ezingo nuke kopuru zehatzik eman. Badakit une honetan jende gehiago dagoela oraindik elkartean, elkargoan baino. Eta hori da, hain juxtu, legea Legebiltzarrean onartu delako, eta ez Jaurlaritzan. Beste erkidego batzuetan, legea gobernuak eman izan duenean, onartu izan dute elkartean zeuden kide guztiak automatikoki elkargoaren kide izatera pasatzea. Kasu honetan, Legebiltzarrak jarri zuen baldintza ia bakarra izan zen, elkargoa profesionala bada, kide guztiak profesionalak izatea. Eta profesionalak, Informazioaren Zientziekin lotutako unibertsitate tituluren bat dutenak.

Kazetaritzan, badira urte asko lanbidean ari direnak, profesionalak, baina horrelako titulaziorik ez dutenak. Zer gertatuko litzateke halakoekin?

Hor lotzeko egongo da, behar bada, hamar urteko esperientzia duen bat profesionala den ala ez. Nire ustez bada, baina hor daukagu Legebiltzarrak jarri zuen arau horren muga. Kontuan hartu behar da baita Euskal Herriko egoera. Aurretik batzuk baziren arren, hemen orain dela 30 urte sortu ziren euskaraz ari diren medio nagusi gehienak, baina ordura arte ez zegoen kazetaritza euskaraz ematen zuen fakultaterik. Orduan, lan hori egiten zutenek zekitelako egiten zuten, eta primeran egin ere, baina ez zeukaten lanbide horri zegokion titulazio profesionalik. Euskadi Irratia, demagun, edo EITB sortu zirenean, euskaraz komunikatzeko gaitasuna zuten pertsonak behar zituzten. Momentu hartan ezin zituzten kazetariak eskatu, edo ez behintzat kazetariak soilik, egon bazeudelako, baina ez beharrak asetzeko adina.

Gero prozesu natural bat eman zen, Leioako fakultateak urteak daramatza martxan, eta orain beste maila batean gaude. Baina, oraindik lanean ari den profesional pila bat aipatutako arautik kanpo gelditzen da. Beraz, aztertu egin beharko da horri zer-nolako konponbidea eman. Dena den, eta historikoki, Euskal Kazetarien Elkartea garai bateko Bizkaiko elkartetik eratorria da, prentsa idatziari oso lotutakoa, egoitza bakarra Bizkaian du, eta kide gehienak bizkaitarrak dira.

Elkarteak euskarazko komunikabideetan aritzen diren kazetariekin harreman handirik ez du izan. Elkargoak ba al du egoera hori aldatzeko asmorik?

Jauzi hori ematea da asmoetako bat, urteetan iraun duten erreparo horiek konpondu eta gainditzeko gogoa dago. Egia esan, ez dakit horretaz hitz egiteko pertsona egokiena al naizen, neuk prozesu hori ez dudalako ezagutu.

Zuzendaritza batzorde eratu berriko gipuzkoar bakarra zara, gazteena, eta euskarazko komunikabideetan aritzen dena.

Hori da. Zerrendak aurkezterakoan, Lucia Martinez Odriozolak [elkargoaren lehendakaria] deitu zidan zuzendaritzan parte hartzeko proposatuz. Eman nahi duten pauso horretan jende berriak parte hartzea garrantzitsua iruditzen zitzaion; beste karrera batetik datorren eta, behar bada, prentsa idatzitik haratagoko ikuspegi irekiagoa izan dezakeen jendea hor egotea. Eta, gainera, euskaraz aritzen dena eta gipuzkoarra, lurralde horretara eta beste hedabide batzuetara ailegatzeko aukera zabalduko lukeena. Baiezkoa eman nion, baina 'Bizkaiko erreinu' izan den hori gainditzeko borondatea azpimarratuta. Lurraldetasun hori gainditu eta euskal prentsa ere hor txertatzeko aukera baldin badago, bai, laguntzeko prest.

Elkargoaren barruan zure eginkizun nagusia hori izango al da, zubi horiek eraikitzearena?

Bai, baina egia da horretara iritsi aurretik ere lan asko dugula aurretik. Zerotik hasten gara. Lehenik eta behin, egoitzak lortu behar ditugu, eta elkargoko kideen ekarpenaz gaindiko finantziazio iturriak nondik lor ditzakegun aztertu. Horiek fintzen eta lotzen joaten garen heinean ikusi beharko dugu Gipuzkoan kokatuta dauden unibertsitateekin eta hedabideekin zer-nolako harremanak ditugun. Dena den, kontuan hartzea komeni da kazetarien elkargo profesional bat ez dela izango, berez, hedabideei eroso gertatuko zaien erakundea, zuzendaritza eta enpresa egituren ikuspuntutik begiratuta. Kazetarienetik, nik uste dut garrantzitsua dela elkargoaren lana. Gurea hain atomizatuta, kanibalizatuta eta indibidualizatuta dagoen lanbidea izanda, elkargo profesionala izatea garrantzitsua da. Kazetaritzak helburu sozial bat ere izan behar duela uste dut. Herri baten pentsakera eta kultura eraldatzeko tresna garrantzitsua izan daiteke. Gaur egun horrenbesteko garrantzia ematen zaion gardentasunaren izenean ere badu betetzeko rol pisuzkoa. Horrela ikusten badugu, eta neuk behintzat horrela ikusten dut, ezin dugu pentsatu 'neuk neurea, eta horrena ere neuretzat'; beste era batera, beste solidaritate batekin jokatu behar dugu.

Orokorraz gain, bere krisi propioa bizi du kazetaritzak. Langabezia ahaztu gabe, kazetari asko bizi da prekarietatean. Horren aurrean zertan eragin dezake elkargoak?

Dagoen  langabetu kopurua, karrera amaitu eta praktikak egiteko aukerarik ere ez duten lizentziatu berriak, edota 30 urterekin bekadun izaten jarraitzen duten horien kasuak, noski kontutan hartzen direla. Edo zenbait komunikabidetan emakumeei ematen zaien trataera, edo lan-baldintzak... Gertatzen dena da gu zerotik hasten garela eta, indarra egin ahal izateko, lehenik eta behin azpiegitura bat eta finantziazioa behar ditugula. Hori gabe ezin dugu aurrera egin. Behin horiek eginda, noski beste horiek mahai gainean ditugula. Langabeziari eta prekarizazioari aurre egiteko formakuntza etengabea beharrezkoa dela uste dugu, lizentziatua izatearekin ez dela nahikoa. Egoerara moldatu behar gara, ahalik eta era egokienean eta zabalenean. Gure herria, gainera, nahiko berezia da alde horretatik. Juridikoki hiru lurralde gara, edo zazpi ere bai; eta, legez, elkargo honek ezin du Euskal Herriko elkargoa izan, EAEkoa da eta, berez, hori ere arazo bat da. Errealitate horri, eta hizkuntzari dagokionez daukagunari, aurre egin beharko diegu.

Bizkaian zentratuta egoteaz gain, orain arte elkarteak hedabide handietan edota erakundeetan dabiltzan kazetariak batu izan ditu nagusiki. Herri-komunikabide txikietako kazetariengana iristeko pausorik aurreikusi al duzue?

Tokikomekin edo Hekimenekin harremana izan behar dugu, ezinbestean. Kontuan hartu behar dugu handiak garrantzitsuak direla, baina txikiak ere bai, eta batzuk besteak gabe bizitzea ez dela posible. Neuri aurrekoan gertatutakoa izan daiteke horren adibidea: elkarrizketa bat egiteko deitu zidaten komunikabide batetik, elkargo berriaren albistea Uztarrian irakurri zutelako; bestela, ez ziren enteratuko. Horiek ere kontuan izan behar ditugu, horiek ere kazetariak dira; eta bere etxean lanik egin gabe dagoen Komunikazioko lizentziatu hori ere kazetaria da, eta harengana ere iritsi egin behar gara. Nire iritziz, inor ez dago soberan eta denengana iritsi beharko da; horretan indarra egingo dut, eta elkargoan jakinaren gainean daude. Eta hor sartuko nituzke prensa idatzia ez den beste euskarrietan ari diren kazetariak ere, haiek ere ez zutelako beren burua elkartean ordezkatuta ikusten.