Aldundiaren Urola Erdiko 7 proiektuak zehazteko batzordeak eratuko dituzte

Uztarria.eus 2014ko ots. 27a, 11:06

Hamar talde osatuko dituzte; partaidetzazko aurrekontuen aurtengo prozesua, berriz, martxoan hasiko da. Albiste osoa irakurgai Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzazko aurrekontuen iazko balorazioa egin eta aurtengo prozesuaren berri eman zuen herenegun iluntzean, Azkoitiko Elkargunean. Bailara mailako batzarra egin zuten, eta Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako hainbat herritarrez gain, bost udaletako alkateak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu Helena Franco, Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako foru zuzendaria eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralar, Bildu eta EAJko ordezkariak izan ziren.

Aldundiak 500.000 euro jarri zituen iaz bailarako herritarren esku, eta eurek erabaki zituzten honako proiektuak egitea: mendietako bidezidorrak txukundu (110.000 euro); burujabetza energetikoaren plana egin (65.000 euro); Errezilen, Beizaman eta Zestoan ume eta gazteen parte-hartze programa osatu (45.000 euro); oroimen historikoa landu (22.000 euro); eskualdeko historia berreskuratzeko plana egin (30.000 euro); baserri bideak konpondu (150.000 euro), eta Lasao-Zestoako trenbidea egokitu (78.000). 2014ko foru aurrekontuak onartuta, zazpi proiektuak gauzatuko dituzte aurten, eta horiek zehaztu eta jarraitzeko batzorde irekiak sortuko dituzte.
Martxoan zehar hamar batzorde osatuko dituzte, eta horien deialdiak datozen egunetan egingo dituzte. Proiektu bakoitzak batzorde bat izango du, eta baserri bideak konpontzeko proiektuak lau batzorde izango ditu; Beizamakoa, Errezilgoa, Azkoitikoa eta Azpeitikoa. Hiru herrietako ume eta gazteen parte-hartze progamari dagokion batzordea, berriz, kontratazioak egiten direnean sortuko dute.

Albiste osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.