Udalak 2013an ekonomiaren sustapenerako jarritako zenbatekoaren %26 soilik erabili duela salatu du EAJk

Uztarria.eus 2014ko ots. 26a, 11:39

Jeltzaleen bozeramaile Aitor Gorrotxategik azaldu duenez, "2013ko emaitza pobre horiek ezin dira 2014an errepikatu". Horrez gain, "suspertze ekonomikoak izan behar du Udalaren lehentasun osoa eta erabatekoa", esan du.

Azpeitiko Udaleko EAJk "kezka larria" agertu du 2013an ekonomia sustatzera bideratu ziren partiden inguruan alkateak jakinarazitako datu "pobreen" aurrean. Jeltzaleen bozeramaile Aitor Gorrotxategik azaldu duenez, "aurreikusitako 700.000 euroen eta erabili diren 182.594 euroen arteko kenketa erraz bat egiteak adierazten digu 517.406 euroko diru-poltsa bat dagoela inbertitu gabe edota, beste era batera esanda, aurreikusi zen diru-partidaren %26 bakarrik exekutatu dela. Balantze erabat etsigarri horren aurrean gobernu-taldeak ezin du besoak gurutzatuta jarraitu". "2013ko emaitza pobreak ezin dira errepikatu 2014an", azpimarratu du.

Gorrotxategiren aburuz "ez da nahikoa esatea 2014an beste 900.000 euro erabiliko direla ekonomiaren sustapenerako, horren ondoren ez bada zehaztutako plan bat eta ekintzaile izan daitezkeen pertsonekin harreman zuzenak izateko egutegi bat, abian jarri diren jarduera-ildoen berri izan dezaten pertsona horiek". Horrez gain, "alkateak, lehendabizi, pilak jarri, eta bere taldeko bost zinegotzi liberatuei ere pilak jarri behar" dizkiela esan du Gorrotxategik. Horrela, "ez daitezen euren bulegoetan geldirik egon, besterik gabe ekintzaileen proiektu berrien proposamenak eta eskariak Udal Erregistroko sarreran sartu eta mahai gainera iristeko zain".

Gorrotxategik berretsi du Azpeitiaren "suspertze ekonomikoak izan behar du Udalaren lehentasun osoa eta erabatekoa": "laguntzak eskatuz proiektuak aurkeztea izaten den azkenengo urratsa. Horren aurretik, egin beharrekoa lan handia izaten da. Modu zuzenean landu behar dira kontaktuak. Ondo dago Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkartzea, bai, baina ekintzaileen sektorearekin ere harreman arin eta azkarra jarri behar da martxan. Ezin da ahaztu ekintzaileak direla enpresak sortu eta altxatzen dituztenak".

Gorrotxategik eskatu dio alkateari "izan ditzakeen konbentzimendu-gaitasun guztiak aktibatu ditzala" bere taldeak plan estrategiko bat egin dezan; erakunde ekintzaileekin eta komertzialekin izan beharreko harreman eta elkarrizketa zuzenak aurreikusiko dituena. Hala nola, Adegirekin, Gipuzkoako Ganberarekin, Elkargirekin edota finantza erakundeekin, beraien egoitzetara joanaz, jarduera-ildo horien berri emateko eta jakinaren gainean izan daitezen". Jeltzaleen ustez, "Azpeitiak ezin du dozenaka mila euroko diru-partidak jarri jarduera ekonomikoa sustatzeko, eta gero errealitate triste bat aurkitu begien aurrean. 2013. urte guztian Bilduren taldeak ez du sustapen ekonomiko horretarako jarritako partidaren %74 kudeatzeko gaitasunik izan, eta hor gelditu da, erabili gabe, udalaren diru-poltsan".

Horrez gain, EAJk gogorarazi du, 2014rako aurrekontuak onartu egin dituela, eta aurrekontu horietan beste 900.000 euro aurreikusten direla ekonomia sustatzeko, baina horrek ez duela "txekea zurian sinatuta emango diegula" esan nahi. "Ekimen eta jardueren egutegi bat eskatuko dugu, zergadun guztion diruak Azpeitian ekintzailetasuna eta merkataritza-jarduera bultzatzeko izan daitezen", gaineratu dute.

"Aurrekontuetako partidez gain, Udal gobernu taldeak sinesgarritasuna eta interlokuzio-gaitasuna izan behar du, Azpeitiaren aldeko apustua egiteko prest dauden ekintzaile berriak erakartzeko", azaldu du jeltzaleen bozeramaileak. "Zerutik mana aspaldiko garaietan etortzen zen, baina gaur egun ez dago horrelakorik. Aukeren bila atera egin behar da. Ez da nahikoa partidak daudela azaltzeko prentsaurrekoa ematea, eta egiten ere hasi egin behar da", erantsi du Gorrotxategik.