Zabortegiak ixteko "proposamena oztopatzea ez genuke ulertuko", dio Azpeitiko Bilduk

Uztarria.eus 2014ko ots. 21a, 20:42
Azpeitiko Bildu koalizioaren ordezkariak, Sindikatu Zaharrean eman duten prentsaurrekoan.

"Lapatx ixteko proposamen zehatza jakitea notizia ona da denontzat, eta poztekoa", esan dute, baina "prudentziaz" hartu dutela ere bai, "baten batek oztopatzeko tentazioa izan dezakeelako". Aldundiak eta GHK-k Lapatxen itxieraren bueltan aurkeztuko duten proposamen teknikoa "sakonago ezagutzea" ere espero dute, datozen egunetan.

Azpeitiko Bilduk prentsaurrekoa eman du gaur, ostirala, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldean gelditzen diren azken hiru zabortegiak itxi eta hondakinen kudeaketarako azpiegitura berrien gainean aste honetan aurkeztu duen plangintza baloratzeko. Aldundiaren proposamen horren arabera, Lapatx 2015eko apirilean itxiko dute.

"Lapatx ixteko proposamen zehatza jakitea notizia ona da denontzat, eta poztekoa", esan du Eneko Etxeberria alkateak, "itxiera beragatik, baina baita ixteko moduagatik ere. Behin eta berriz esan dugu guk ez dugula inongo herrik gu sufritzen ari garena sufritzea nahi, ez dugula inor izorratuta nahi, ez errauskailuekin, ez zabortegiekin". Proposamen horrekin, Bilduren ustez, "erraustegirik gabeko alternatiba badagoela eta gakoa denok birziklatzean dagoela" erakutsi dute Aldundiak eta GHK-k, "ez zegoela 500 milioi gastatu beharrik zabortegiak ixteko eta errauskailua gezur handi batean oinarritua zegoela".

Lapatxen itxiera ekarriko lukeen proposamenaren aurrean entzun diren zenbait baloraziok kezka eragiten diela onartuta, "arerio politikoek proposamena herritarren interesen defentsaren barnean kokatzea" espero dutela adierazi dute Bildukoek, "eta orain arte buru-belarri zabortegiak ixteko defendatu duten alternatiba bakartzat izan duten errauskailuaren proiektua alde batera uztea".

Horregatik, proposamena egitea eta egutegia finkatzea "oso inportantea" da koalizioko kide azpeitiarrentzat baina, era berean, "prudentziaz" hartu dute albistea, "baten batek oztopatzeko tentazioa izan dezakeelako. Espero dugu gaia ika-mika politikotik kanpo landuko dela, eta inork ez diola oztoporik jarriko zabortegiak ixteko proposamenari, ez zuzenean eta ez zeharka". Azpeitiko Bilduk ez luke ulertuko "inor proposamen honen kontra egotea, baldin eta herritarren interesak eta kasu honetan gureak defendatzen baditu", eta "behar dituen babes politikoak ematea" eskatu die alderdi politko guztiei.

Azpeitian Lapatxen itxieraren gainean onartutako azken mozioa ekarri dute gogora, "errauskailurik gabeko azpiegiturak adostuaz zabortegiak itxi behar direla defendatzen" duena. "Bildu guztiz koherentea da onartu zen mozio horrekin", esan du Etxeberriak eta, EAJri zuzenduta, galdera bota du: "Udaleko beste taldeek berdina esan al dezakete? Proposamena oztopatzea ez genuke ulertuko -errepikatu du-, ez Azpeitian eta ez Donostian, eta bereziki ezingo genuke ulertu beraien zabortegiak itxita dituztenak gure zabortegiak ixteko proposamena oztopatzea". Orain oposizioan dauden alderdiek Lapatxen itxieran "atzerapena dagoela" esateak "grazia egiten" duela gaineratu du Etxeberriak. "Lapatx 2009. urtean itxi behar zuten, baina batzuek luzatzea erabaki zuten. Eskerrak hemerotekak hor dauden".

Era berean, Aldundiak eta GHK-k Lapatxen itxieraren bueltan aurkeztuko duten proposamen teknikoa "sakonago ezagutzea" ere nahi dutela esan dute prentsaurrekoan, eta horren berri datorren astean izatea espero dutela.

Bosgarren edukiontziaren aldeko akordiorik ez

Azpeitiko EAJri zuzendutako beste kritika batekin amaitu du prentsaurrekoa Azpeitiko Bilduk, Udal Gobernuan dagoen koalizioaren esanetan "zabortegiaren itxiera eta hondakinen bilketa etengabe nahasten" ari direlako jeltzaleak.

2013ko maiatzean Udalean aho batez onartutako akordioak "esaten duena esaten du: Azpeitiak bilketa sistema berria izango duela, %70 birziklatzeko helburuarekin", berretsi du Eneko Etxeberriak. "Akordioa ez zen bosgarren edukiontziaren aldekoa. Eta agian ez dakite, baina bosgarren edukiontzia aspalditik dago martxan Azpeitian", gaineratu du.