Lankidetza aurrera jarraitzeko

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 20a, 19:26

Gaur, otsailak 20, hamar urte bete ditu Urola Kostako Hitza-k. Urteurrena ospatzeko gehigarri berezia eta bideoa prestatu dituzte. Gehigarrian datorren artikuluetako bat da hona ekarri duguna.

Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideen eta Urola Kostako eragileen ekimenez gain, herri aldizkarien borondatez eta lanari esker sortu zen Hitza. Sortze prozesuan izan ziren Txaparro (Zarautz), Uztarria (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria), eta hasieratik administrazio kontseiluko partaide ere izan dira. Urteurrenaren harira, guztiak bat datoz duela hamar urte finkatutako helburuak bete direla nabarmentzeko orduan; hau da, tokiko informazioa euskaraz egunero eman eta jaso ahal izan dela.

"Hori sekulako erronka zen orain dela hamar urte", esan du Baleike-ko zuzendari Gorka Zabaletak. "Pentsatu behar da orduan aldizkariak genituela; hilabetekariak edo hamabostekariak. Hilabetean edo hamabost egunean behin euskarri bat euskaraz izatetik egunero zerbait edukitzera pasatze hori sekulako erronka zen. Eta hori egiteko modu bakarra zen eskualdeko herri bakoitzeko hedabideak elkartu Berria-rekin batera eta Hitza-k sortzea. Hori izan zen une hartako helburu nagusia, eta lortu da".

Hasiera hartan, Danbolin hilabetekariaren etorkizunak kezkatzen zituela onartu du Zestoako herri aldizkariko arduradun Jone Bergarak. "Ez genekien Hitza-k ordezkatu egingo ote zuen. Baina konturatu gara biak direla bateragarriak; batak gaiak freskotasunez lantzen ditu maiztasunagatik, eta hilabetekarian beste mota bateko artikuluak eta elkarrizketak sartzen ditugu".

Egunerokoaren ohitura

Hamar urte eta gero, Hitza jasotzeko "ohitura" sortu dela nabarmendu du Uztarria-ko kide Ainitze Agirrezabalak. "Egunkaria falta den egunetan, asteburuetan argitaratzeari utzi zitzaionean, oporretan... jendeak horren demanda izaten du". Eskualdeko herriak oso ezberdinak dira euren artean, bai neurriz bai izaeraz. Oro har, Hitza-k herritarrengandik "oso gertuko kazetaritza" lantzen duela azaldu dute Danbolin-eko kideek. Hala eta guztiz ere, "Hitza-ko kazetariekin harreman sendoagoa beharko genukeela uste dugu, koordinazio estuagoa, herri txikietako kontuak bestela bidean galdu egiten direlako eta zer esanik ez auzoetakoak... Modu horretan, gainera, geureago sentituko genuke".

Bien bitartean, hamar urte hauetan kazetaritza egiteko modua aldatu egin da, eta gaur egungo egoera oso bestelakoa da komunikabideentzat. Uztarria-ko lankideek aditzera eman dutenez, "beste komunikabide batzuekin alderatuta ditugun baliabideak kontuan izanda, oso ondo moldatu gara". Baleike-ko zuzendariarentzat, berriz, aldatu dena "kazetaritzaren testuingurua" da.

Etorkizuneko erronkak

"Orain arte kazetaritza tradizionala deiturikoa informazioa zabaltzeko monopolio bat izan da. Hori da aldatu dena, eta hori da hedabideek ulertu behar dutena. Azken finean, lehen besterik gabe informazioa kontsumitzen zuten horiek orain informazioa sortzeko eta zabaltzeko aukera eta tresnak dituztela. Hori ez dugu mehatxu bezala ikusi behar, aukera bezala baizik. Jakin behar dugu jende hori gurera ekartzen, gu ez garelako lehenengoak izango iristen". Horrez gain, informazioari balio erantsia eman behar zaiola uste du Gorka Zabaletak; hau da, kalitatezko informazioa eman behar dela irizten dio: "Nire ustez hori da kazetaritzaren aterabidea. Ez dakit horra iritsi garen oraindik ere".

Etorkizunerako erronka bezala Internet, ikus-entzunezkoak eta sare sozialak bezalako euskarriak darabiltzate ahoz aho herri aldizkariek. Aurrerantzean eremu horiek arretaz sustatu beharko liratezkeela zehaztu dute. Uztarria-k, bere aldetik, paperak oraindik ere bere publikoa, eskaera eta zerbitzua betetzen duela nabarmendu du. "Asmatzea ez da erraza, ez guretzat, ez komunikabide handientzat, baina eman beharreko pausoak bide horretatik ikusten ditugu". Bestalde, Interneterako jauzi horretan, Danbolin "nahikoa atzeratuta" dagoela onartu du Jone Bergarak, eta "elkarlana Hitza-ren eta Danbolin-en, bien onerako" izango dela iritzi dio. "Lankidetza aldetik azterketatxo bat egitea komeni da, koordinazio lan hori bi aldeetatik sendotzen jarraitzeko".

Gorka Zabaleta pauso bat haratago doa elkarlanaren bidean, eta eskualde mailako hedabide edo egitura batek "potentzial handia" izango lukeela uste du. "Gaur egun eskaintzen dena baino gehiago eskaini dezakeela edo eskaini beharko lukeela iruditzen zait. Are gehiago, aurrera begirako erronkei tokiko hedabideek ezin diegu bakarka heldu. Herrietan txikiegiak gara datorrenari heltzeko eta aurre egiteko. Nire ustez dugun aukera bakarra da elkartzea. Elkarrekin lan egitea, bata bestearen osagarri izatea eta gure herritarrei merezi duten produktuak eta tresnak eskaintzea komunikazioa ahalik eta aberatsena izateko".