Sei lagunentzako afaria zozkatuko dute tabernariek zapatuan

Uztarria.eus 2014ko ots. 20a, 11:07

Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea osatzen duten tabernetan tragoarekin txartel bat banatuko dute. Igandeko ONCEko zozketaren azken lau zenbakiek osatuko dute zenbaki sariduna. Bestalde, asteburuan, DJ emanaldiez, kontzertuez zein bakarrizketaz gozatzeko aukera izango da herrian.

Alde Zaharreko Tabernarien Elkartea osatzen duten tabernetan sei lagunentzako afaria zozkatuko da zapatu gauean. Tragoarekin txartel bat emango dute Zuhatz, Topa, Oñatz, Fideo de Mileto, Orkatz, Lokotx, Korrale, Intz, Txarrantxa, Pikua eta Etxe Zuri tabernetan nahiz Sanagustin kulturgunean, eta zenbaki sariduna igandeko ONCEren zozketako azken lau zenbakiekin jakingo da. Zozkatuko duten afaria astelehen karnabalean izango da, Landeta sagardotegian.

Kontzertuak, bakarrizketa eta bertso saioa

Sexplotion eta Oldarkorrak taldeek kontzertua eskainiko dute bihar, ostirala, Txarrantxa tabernan. 22:00etan hasiko dira emanaldiak. Sexplotion boskote zumaiarrak Azkenbalada diskoa aurkeztuko du.

Bihar, bestalde, bakarrizketa saioa izango da Oñatz tabernan. El txou de Patxi emanaldia, 23:30ean hasiko da.

Bertsoez gozatzeko parada ere izango da biharkoan. 23:00etan hasita, Ikiaaarriya! bertso-saioa izango da Orkatz Kultur Elkartean. Bertan, Julio Soto, Alaia Martin, Xabier Silveira eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira kantuan. Bentatxo ariko da gai-jartzaile lanetan.

DJ-ak eta metal kontzertuak, zapatuan

Gaztetxean Human eta Debon taldeen kontzertuak izango dira Gaztetxean, 18:00etan hasita. Ondoren, txotxa izango da Gaztetxean bertan.

Bestalde, zapatuan DJ-ak izango dira Lokotx eta Pikua tabernetan. DJ Pako, DJ J. Frasier eta DJ Bebaren emanaldiak 19:00etan hasiko dira Lokotxen. Gero, 23:00etan, hasiko dira Pikuako emanaldiak, eta DJ Kamel eta DJ Aritz ariko dira musika-jartzen.