Hezkuntza orientazio eta informazio zerbitzua jarri dute abian eskualdean

Uztarria.eus 2014ko ots. 17a, 13:43
Ezkerretik eskubira, Mari Jose Iturria Hezkuntza zinegotzia, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendaria eta Imanol Iribar BOZI-ko teknikaria zerbitzua aurkezteko egindako prentsaurrekoan.

Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (BOZI) bitartekotza zerbitzua abian da Urola Ikastolak Perdillegi kaleko hirugarren zenbakian duen eraikinean. Eskualdeko herritarrei zuzendutako zerbitzua doakoa da. Besteak beste, informazioa eta orientazioa eskainiko dute, eta baita zuzeneko aholkularitza ere.

Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntza (BOZI) bitartekotza zerbitzua jarri dute abian eskualdean. Bertan, eskualdeko prestakuntza edo formazio eskaintza guztien inguruko informazioa emango dute, eta orientazioa eta aholkularitza zerbitzua ere bai. Hala nola, eskualdeko eskolen eta ikastolen, lanbide heziketa zentroen, akademien zein musika eta hizkuntza eskolen eskaintzen berri emango dute.

Eusko Jaurlaritzako Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak diruz lagundutako zerbitzua da BOZI, eta doakoa izango da eskualdeko herritarrentzat (EAEko eskualde desberdinetan ere martxan da bitartekotza zerbitzua). "Entitate eta norbanakoen artean bitartekari izan nahi dugu", azaldu du zerbitzuaren teknikari Imanol Iribarrek: "Batez ere, gizartean kaltetuenak diren kolektiboei zuzendutako zerbitzua da; emakumeak, iraupen luzeko langabetuak, etorkinak, gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenak... Izan ere, ikaskuntzak pertsonen gizarteratzea, aukera berdintasuna, aniztasuna eta bizi kalitatearen hobekuntza errazten du".

Bulegoa Urola Ikastolak Perdillegi kaleko hirugarren zenbakian duen eraikinean (institutuan) dago. Astearte, ostegun eta ostiraletan izango da zabalik, 08:00etatik 14:30era bitartean, eta zuzeneko aholkularitza eskainiko dute bertan. Horrez gain, on line aholkularitza jaso nahi dutenek info@boziurolakosta.com helbidera idatzi dezakete edo telefono bidezko zerbitzua nahi dutenek 696 395 664 zenbakira deitu dezakete. Gainera, eskualdeko formazio eskaintzaren inguruko informazioa eskuragarri dago www.boziurolakosta.com webgunean. "Zerbitzua herritar ororentzat" dela esan du Eneko Etxeberria alkateak, eta herrian hezkuntza eta formazioaren inguruko zerbitzuak eskaintzen dituzten gainerako eragileekin elkarlanean arituko direla azaldu du.