Jendetza Libre pilota jaialdian

Uztarria.eus 2014ko ots. 10a, 12:21

Zapatuan Libre pilota jaialdia izan zen Frontoi Txikian. Jendetza izan zen bertan pilota partidak ikusi eta gazteen kontrako zein 35/02 sumarioan auzipetutako Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako bizilagunei babesa ematen.

Lehenengo partida Emakumeen Gipuzkoako Pala txapelketako irabazle Ainhoak eta Nagorek Mikel Arregi Ertxin-en (Zestoarra da eta auzipetuta dago 35/02 sumarioan) eta Haritzen kontra jokatu zuten. 19 eta 22 nagusitu ziren Ertxin eta Haritz, baina lehia estua izan zen. Bigarren partida, Uzkudun eta Aratzerrekako Jabik Mikel Goñiren kontra jokatu zuten. 22 eta 21 nagusitu zen bikotea, baina jokalariek beraiek eta ikusleek hala eskatuta, 25 tantora luzatu zuten partida. Epailea ados egon ez arren, 25era jokatu zuten norgehiagoka eta Uzkudun eta Jabi 23 eta 22 nagusitu ziren. Artekaria ere izan zen pilotalekuan, eta jendeak diru apur bat apostatu zuen bi partidetan.

Partida baten eta bestearen artean ekitalditxoa egin zuten, eta bertan izan ziren Segiko gazteen kontrako epaiketan auziperatuta dagoen Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna, Azpeitiko Orkatzeko eta Azkoitiko Zakelako ordezkariak eta 35/02 sumarioan auzipetutako Mikel Arregi Ertxin zestoarra.