Euskal Herria auzoko ur hoditegia berritzeko lanak hasi dituzte

Urola Kostako Hitza 2014ko ots. 6a, 10:59
Kalearen eskuineko aldean hasi dira lanean, lehen fasean. (Olatz Prat)

Hamar aste iraungo dute lanek, eta zatika egingo dute. Ura moztu ere egingo dute batzuetan.

Euskal Herria auzoko ur hoditegi osoa berrituko du Gipuzkoako Ur Partzuergoak. Aste honetan hasi dituzte lanak, eta hamar aste beharko dituztela aurreikusi dute obra arduradunek. Auzo guztian zehar dauden fibrozementuzko hodiak kendu eta fundizio galbanizatuko hodiak ipiniko dituzte, aurrekoak zaharkituta baitaude eta azken boladan arazo bat baino gehiago eman baitute. Hodi mota berri hau askoz ere sendoagoa dela eta aurrekoek baino urte gehiago iraungo dutela azaldu dute.

Lanak zatika egingo dituzte. Aurrena bizitzabakarreko etxeetako kalearen alde bat egingo dute, aparkalekuen aldekoa, eta ondoren bestea, espaloia zulatuz. Hirugarren fasean, Karmelo Etxegarai aldera doan kalean sartuko dituzte hodiak eta, azkenik, ikastetxearen goikaldetik Epaitegiko plaza aldera doan kalean.

Lanek iraun bitartean ur-mozketak egin beharko dituztela adierazi dute arduradunek, baina, edozein modutan, mozketa horiek ezingo dute lau ordu baino gehiagokoak izan. Bizilagunei bizpahiru egun lehenago jakinaraziko zaie, gainera, noiz eta zenbat denboraz moztuko dieten ura, hedabideen bitartez, nahiz etxe atari bakoitzean jarriko dituzten oharren bitartez.

Udalarekin elkarlana

Datozen hilabeteetan lan gehiago egin beharra aurreikusi du Ur Partzuergoak. Hori dela eta, udalarekin harremanetan da, udalak ere egin beharreko lanak eta eurenak ahal den neurrian elkarrekin egin ahal izateko. Lana errazago egiteaz gain, merkeagoa ere izango baita modu horretan.