Mondragonek hartzekodunen aurre-konkurtsoa aurkeztu du FGM kooperatibarentzat

Uztarria.eus 2014ko ots. 3a, 14:00

FGM kooperatiba Danona, Fagor Mueble eta Coinma enpresen bateratzearekin sortu zen, 2012an. Gaur, astelehena, eskatu du Mondragon Taldeak hartzekodunen aurre-konkurtsoa Donostiako epaitegian, "FGMren zorra negoziatzeko eta jarduera birkokatzeko". Kooperatibako 105 langileei eragingo dio aurre-konkurtsoak eta Mondragonek ez du kooperatiba itxi nahi.

Altzariak egiten dituen FGM kooperatibak (2012 sortu zuten Danona, Fagor Mueble eta Coinma enpresek) hartzekodunen aurre-konkurtsoa eskatu du Donostiako epaitegian, "bere zorra negoziatzeko eta jarduera birkokatzeko". Lantegiko 105 langileei eragingo dion hartzekodunen aurre-konkurtsoa eskatu du Mondragonek, eta berregituraketaren ondorioz langileen "soberakina" izango duela onartu du. Horrenbestez, langileak beste kooperatiba batzuetan birkokatzea eta erretiro aurreratuak hartzea aztertzen ari direla azaldu dute.

Mondragonek ez du kooperatiba itxi nahi, baina neurria txikitu nahi du eta zorra berriro negoziatu. Hartzekodunen aurre-konkurtsoa abiaraztearen helburua da enpresaren jarduera contract sektorerantz berbideratzea (hotel, egoitza eta bulegoetako ekipamendu integralerako proiektuak) "etxerako altzarien eskaria asko jaitsi delako" eta inguruko merkatuetaneta nazioarteko merkatu berrietan sartzea. Hala nola, Ertamerikan, Txinan, Ekialde Hurbilean edo Afrikako Iparraldean.

Korporazioak gogorarazi duenez, Espainian %70 jaitsi dira altzarien salmenta krisia hasi zenetik, eta antzeko portzentaietan jaitsi dira FGMren salmentak ere. Gainera, 2014an Erresuma Batuan, Frantzia, Marokon, Kuban, Txinan, Argelian, Saudi Arabian, Panaman, Kolonbian eta Mexikon hotelak, sukaldeak eta bulegoak hornitzeko hainbat proiektu du abian.

FGMk bi lantegi ditu; bata Azpeitian eta Gasteizen bestea. Sukalde, egongela, logela, hotel eta bulegoetako altzariak diseinatu, fabrikatu eta saltzen ditu. FGMren fakturazioa 13 milioi euro ingurukoa da, eta kopuru horren %60 Espainian egindako salmentei dagokie. Gainerako %40 nazioarteko merkatuei.