Absoluzioa eskatu du gazte auzipetuen defentsak

Uztarria.com, Berria.info, Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 31a, 11:42

"Froga gisara erabilitakoek ez dute baliorik". Segik gazte mugimendua "erabili" izana ez da frogatu, "balorazio hutsak" dira fiskalak emandako argudioak, Iker Urbina abokatuak ondorioztatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gaurko saioa amaitu da, eta datorren asteartean jarraituko dute. 40 auzipetuen artean da Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna.

26/11 sumarioari dagokion epaiketa hasiera batean atzo, osteguna, amaitzekoa zen, baina gaur jarraitu dute saioek Madrileko Auzitegi Nazionalean, 10:30ean hasita. Gaurko saioa bukatu da, auzipetutako gazteen defentsak absoluzio eskaera eginda (Hodei Iruretagoiena Berria-ko kazetaria epaiketaren zuzeneko kontakizuna egin du, Twitter bidez).

Gazte auzipetuek salatu zituzten torturei buruz hitz egiten hasi du Iker Urbinak gaurko saioa. Fiskalak esan zuenaren kontra, tortura salaketak frogatu direla dio, Istanbulgo Protokoloari jarraituz. Testigantzak gogoratu ditu Urbinak: "Batzuek ezin izan diote negarrari eutsi". Gogoratu du auzipetuek auzi medikuei salatu zizkietela torturak, eta instrukzio epaileak ez zuela ezer egin.

"Froga gisara erabilitakoek ez dute frogarik", esan du abokatuak. Besteak beste, epaile aurreko deklarazioek ere ez dute balio, inkomunikatuta egin zirelako. "Auzitegi Konstituzionalak esana du hori epai batean". Polizien deklarazioak, berriz, "froga perizial" gisa hartu dituztela salatu du, "zientifikoak balira bezala, balorazio hutsak" direnean.

Segik gazte mugimendua "instrumentalizatzen" duela dioten txostenei buruz, berriz, aldez aurretik ezarritako ondorioak direla nabarmendu du Urbinak, diligentzietatik kanpokoak. "Deabruaren espirala" aipatu du: "X-ek egindako ekintza oro Segi da, X Segikoa delako. Parte hartzaile oro Segikoa da, ekintzak Segirenak direlako". Baina Segik gazte mugimendua "erabiltzen" zuela dioen argudioa dudan jarri du: "Nork, noiz, eta nola egin du instrumentalizazioa? Ez da frogatu" .

Gazteen defentsa orokorra egin ondoren, kasu bakoitzaren argudioak eman dituzte abokatuek.

Fiskaltzak Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren eta gainontzeko auzipetuen aurkako akusazioak arrazoitzea amaitu zuen atzo, eta akusazio partikularrak, Dignidad y Justicia erakundeak, 10 eta 12 urteko kartzela zigorrak eskatzeko arrazoiak eman zituen segidan.

Tortura salaketen "sinesgarritasun falta" izan zen haien arrazoi nagusia, "ezinezkoa da torturatua denak hain deklarazio luzeak egitea, detaile horiekin", adierazi zuten. Ofizioko abokatuen eta auzi medikuen profesionaltasuna "ezbaian ezin dela jarri" gaineratu zuen. Gazteak mugimendu publiko eta legaletan zebiltzala onartu zuen akusazioak, "baina Segiko kide gisa", hori frogatutzat jota. Horixe bera esan zuen fiskalak ere, gazteek parte hartutako ekitaldiak eta ekintzak publikoak zirela, baina auzipetuek Segiren mesederako erabili zituztela, alegia.

Defentsako abokatuek hitz egin zuten gero. Eskatzen diren zigorren desproportzionaltasunean oinarritu zen euren mintzaldia, auzipetuei ez baitzaie "indarkeriazko ekintzarik" egotzi. Auzitegi Konstituzionalaren epaietan oinarrituta, eskaerak "inkonstituzionalak" direla argudiatu zuten defentsako abokatuek, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratu ditzaketela ohartaraziz. "Alde guztiek ondorioztatu dugu pertsona hauei inputatu zaizkien ekintzak soilik politikoak eta sozialak direla", argudiatu zuen, eta nazioarteko legeak eta Espainiako jurisprudentziari begiratuta, delituzko jarduerarik gabe "militantzia aktiborik" ezin dela egotzi azaldu zuten abokatuek.

Gazteen kontra sei urteko espetxe zigorra berretsi zuen atzo Fiskaltzak; herenegun hasi zen bere ondorioak azaltzen, eta Izagirreri Segiko prentsa arduraduna eta Gipuzkoako arduraduna izatea egotzi zion. Olatz Izagirreren kasuan, gainontzekoetan bezala, Guardia Zibilaren jarraipen eta informazioak, egindako ikerketa eta miaketetako materialak eta inkomunikazio aldian besteek berari buruz esandakoak hartu zituen oinarri fiskalak akusaziorako.

Fiskalak onartu zuen inkomunikazio aldian egindako deklarazioak ez direla "eraginkorrak" izan, eta ezin direla bere horretan frogatzat hartu. Ondorioz, ikerketa txostenak edo miaketetan aurkitutakoak azalduz saiatu zen karguak frogatzen. Epaiketa defentsak bere txanda amaitzean bukatuko da, eta zantzu guztien arabera, gaurko saioa ez da horretarako nahikoa izango. Hori dela eta, ziurrenik datorren asteartean helduko diote berriro.

Gazteen Azken Hitza Donostian

Espainiako Auzitegi Nazionalak dioenaren zain egon gabe, gazteek idatzi dute azken alegatua, eta Donostian irakurri dute gaur, ostirala: etorkizuneko zubiak eraiki beharraz jardun dute, ilusio zubiak eta justizia zubiak. Hitzon testuarekin Euskal Herriko hainbat esparrutako eragileek bat egin dute. Gehiengo berriaren adierazpena, "Gu" berriarena irakurri dute gazteek Donostian, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketa salatzeko. Mikel Labaka (Mikel Aranbururekin batera, auzipetutako gazteei babesa adierazteko bideoan hartu zuen parte), Alaia Martin, Sabino Cuadra, Bakartxo Ruiz eta Mikel Astarloza egon dira agerraldian. Beste berrogei bat eragileren atxikimendua jaso dute. Gazteen azken alegatua sinatu duten zenbait pertsonaren artean daude Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, Txema Montero abokatua, Toti Martinez de Lezea idazlea, Xabier eta Miren Amuriza bertsolariak, Jose Luis Korta arraunlaria eta Alex Txikon mendizalea, besteak beste. "Zubiak eraiki behar ditugu lehen harresiak zeuden lekuan", nabarmendu dute.

Pertsona ezagunen ahotan grabatutako hitz horien aurrerapen bat jarri dute http://www.lekhia.info atarian. Gatazka egoera gainditzeko eta konponbiderako jarritako trabak "lekuz kanpo" daudela nabarmendu dute. Hori dela eta, berrogei gazteak (epaitutako 36ak eta epaiketara joan ez ziren laurak) libre uzteko eskatu dute, prozesu judiziala bertan behera utziz, auzipetuak absolbituz edo "egokien den moduan" eginez.