Urolaturismo.net, garai berrietara egokituta

Uztarria.eus 2014ko urt. 30a, 18:37
Urolaturismo.net webgune berrituaren aurkezpenean parte hartu dutenak, atzean webaren sarrera-orriaren irudia dutela.

Urola Erdiko eta Zumaiako turismo eskaintza jasotzen duen atariaren edukiak eguneratu eta osatu dituzte, baliabide teknologikoak zein diseinu aldekoak berrituta: gailu mugikorretara egokituta, "publikoarentzat erabilterraza" izango den tresna eskaini nahi dute. Telefono mugikorretarako aplikazio bat ere ari dira garatzen.

Urola Erdiko eta Zumaiako turismo eskaintza jasotzen duen urolaturismo.net webgunea goitik behera eraberritu eta aurkeztu dute gaur, osteguna, Azkoitiko Insausti jauregian. Han izan dira Urola Erdiko sei alkateak, Iraurgi Berritzeneko ordezkariak eta webgunea berritzeko lanak burutu dituztenak.

Urola Turismo 2003tik abian den ekimena da. Zazpi udalerrik bat egiten dute Iraurgi Berritzenek koordinatutako ekimen turistikoan: Urola Erdiko seirek (Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal) eta Zumaiak. Ekimen horren barruan, 2004an sortu zuten orain eraberrituta eta garai berrietara egokituta aurkeztu duten webgunea.

Webgunea berritzea bi proiekturen uztartzetik sortu den ekimenaren lehen fasea da. Urola Erdiko Enplegu Planaren baitako Ekobailara proiektuaren bidez, pertsona bat kontratatu zuten iaz eskualdean turismo jasangarria sustatzeko. Pertsona hori, Irene Elorza, aritu da webgunerako edukiak lantzen, Azpeitiko Udalak 2013an Gipuzkoako Foru Aldunditik lortutako laguntza bati esker. Proiektu hori, azkenean, eskualdeko udalak lehendik jorratzen ari ziren Urola Turismo ekimenaren testuinguruan txertatu dute. Proiektuaren lehen fasea gauzatu da, webgunea berrituta; orain, bigarren fasea ari dira lantzen: telefono mugikorretan erabiltzeko aplikazio bat. Aplikazio horrek herrietan eta eskualdean zehar ibilbide konkretuak eskainiko ditu, baliabide nahiz zerbitzu guztiak (ondarea. museoak, osatalaritzakoak...) geolokalizatuta, audio-testu eta irudiak erabiliz.

Bizirik dagoen tresna

Urolaturismo.net webgunea eraberritzean, edukiak eguneratu eta osatu dituzte, baliabide teknologikoak zein diseinu aldekoak berrituta; itxura ez ezik, webgunearen 'tripak' ere guztiz berritu dituzte. Proiektuaren teknologia eta diseinu garapena Azkoitiko Elkarmedia enpresak egin du, eta aipatutako Irene Elorza arduratu da edukiei forma emateaz.

Webgunea "publikoarentzat erabilterraza" izateari garrantzia berezia eman diote, eta hori kontuan hartuta berrantolatu dituzte lehendik zegoen informazioa eta gehitu dizkioten edukiak. Informazio guztia bost atal nagusitan antolatu dute: Bailara, Esperientziak, Natura, Kultura eta Ondarea, eta Gastronomia.

Webgunearen berrikuntza nagusiak, hala ere, teknologia berrietara egokitutakoa izatea eta sare sozialekin konektatua egotea dira: gailu mugikorretara egokitutako teknologiarekin garatu dute, tablet edota smartphone-etan erabili ahal izateko, eta Facebook eta Twitter sare sozialak integratuta dauzka. "Webgunea bizirik dago", azpimarratu dute aurkezpenean, "informazioa etengabe eguneratuko da, eta ekarpen berriak ere gehitzen joango gara"