Grumaleko 148 langileak kaleratzeko dosierra aurkeztu dute

Uztarria.com, Berria.info 2014ko urt. 30a, 17:17

Azpeitiko lantegikoekin batera Fagor Etxetresnetako eta Edesako beharginei eragiten dien konkurtsoa kudeatzen ari diren administratzaileek jakinarazi dute guztira 340 kaleratze ekarriko dituen erabakia. Grumaleko langileek protestak iragarri dituzte ostiral goizerako, Lagun Aroren eta MCCren egoitza atarietan.

Fagor Etxetresnen zenbait adar salbatu eta proiektu berriak antolatzeko astia bukatzen ari da, eta atzotik are laburragoa da epe hori, konkurtsoa daramaten administratzaileek 340 langile kaleratzeko dosierra aurkeztu baitute Donostiako Merkataritza arloko epaitegian, Berria-k jakin duenez. Edesa, Grumal eta Fagor Etxetresnetako soldatapekoak sartuko lirateke erregulazio dosier horretan; Azpeitiko lantegiari dagokionez, 148 langileri eragingo die kaleratze txostenak. Lantegien likidaziorako urrats argia da dokumentua; atzoko (asteazkena) data dauka.

Hiru enpresetako beharginen ordezkaritzek kaleratzeak gauzatzeko dosierra negoziatu beharko dute orain Fagorreko administratzaileekin, legeak finkatzen duen kontsulta epean. Edonola ere, baliteke hilabete eta erdi igarotzerako kaleratze kolektibo handia egitea taldean. Ikusi egin behar da, ordea, zenbatekoa den azkenean, Edesa eta Geyser lotzen dituen Confort ataleko proiektua mahai gainean baitago, Mondragon taldearen erantzunaren zain.

Arrasatera, protesta egitera

Grumaleko ordezkari sindikalek gaur, osteguna, jaso dute kaleratze txostenaren notifikazioa; hala baieztatu dio Uztarriari langile batzordeko presidente Patxi Isasmendik. Orain, erabakiaren autoa plazaratzea izango da hurrengo urratsa -hamabost bat egun barru izan daiteke-, hilabeteko negoziazio epea ireki aurretik. Beraz, hilabete eta erdi barru gauzatu daitezke kaleratzeak.

Orain dela hilabete pasa, abenduaren 20an, iragarri zuten urtarrilean Grumal likidaziora eraman eta 148 langileak kaleratuko zituztela, eta orduko iragarpena betetzera doa orain. Hil honen 7an batzartu ziren Grumaleko langileen ordezkariak Fagor Etxetresnetako konkurtsoa kudeatzen ari diren administratzaile judizialekin, eta haiek jakinarazi zieten Mondragon taldeak ez zuela onartu Grumaleko langileen proposamena, hau da, Grumal kooperatiba bihurtzeko eskaera.

Grumal salbatzeko aukerak gero eta urriagoak dira. Bizi duten egoera salatzeko bihar, ostirala, beste behin Arrasatera joango direla iragarri dute Grumaleko langileek. Han, 11:30 eta 12:30 artean elkarretaratu eta protesta egingo dute Lagun Aroren eta MCCren egoitzen atarietan.