Uztaro haurreskolako jangelan elikadura osasungarria bermatzeko hitzarmena berritu dute

Uztarria.eus 2014ko urt. 30a, 13:02

Bertako produktuak kontsumitzeko apustua eginez, Azpeitiko Udalak eta Uztaro haurreskolako guraso elkarteak Urkome elkartearekin iaz sinatutako hitzarmena berritu dute, iazko ikasturte amaierako emaitzak aztertu eta alde guztiek balorazio positiboa egin dutelako. Hitzarmenaren sinaketa gaur, osteguna, goizean egin dute udaletxean eta bertan izan dira Eneko Etxeberria alkatea, Ainhoa Beristain zinegotzia, Manuel Labaka Urkomeko presidentea eta Uztaro Haurreskolako Guraso Elkarteko kide den Arantzazu Aramendi (argazkian).

"Gaur egungo egoera ikusita eta bizi dugun egoera sozioekonomikoaz oharturik, bertako produktuak sustazea ezinbestekoa da, lehen sektoreari bultzada emateko, eta gure apustua bide horretan doa. Gainera, iazko esperientziak erakutsi zuen modura, haurrei kalitate oneko elikagaiak ziurtatzen zaizkie”, azaldu du Ainhoa Beristain Auzoak saileko batzordeburuak.

Modu horretan, Uztaro Haurreskolako jangelan, "elikadura osansungarria" izango dute ikasturte honetan, "bertako eta kalitatezko elikagaiak kontsumituko dituzte-eta". Hitzarmena sinatu ostean azaldu dutenez, "Urkomek bertako produktuen kontsumoa bermatuko du haurreskolan. Bertako baserritar eta ekoizleei erosiko zaizkie produktuak eta haurrentzako osasungarria izango den elikadura bermatuko da". Uztaro Haurreskolako Guraso Elkarteko Arantzazu Aramendik ekimenari jarraipena ematea garrantzitsua dela baloratu du, "izan ere, hitzarmenari esker, sukaldariak jakiak, egunero, momentuan, bertan prestatzen dituenez, gure umeen bazkariek kalitate ezinhobea dute".

Urkomeko presidente Manuel Labakak, berriz, elikadura osasuntsuak pertsonengan duen garrantzia nabarmendu du, eta "zenbat eta lehenago hasi hori sustatzen, hobe", azaldu du. "Gainera, bertako baserritarrei eta ekoizleei euren produktuak merkaturatzeko bide berriak irekitzen lagunduko zaie eta horrek gure paisaia eta ingurugiroan ere eragin positiboa izango du": "Horrenbestez, eskuragarri ditugun tokiko eta kalitatezko elikagaiak kontsumituz, gure kultura, ingurumena eta landa eremua mantendu eta hobetzearen alde, gure gizartea iraunkorragoa egitearen alde eta gure ekonomia sustatzearen alde egiten dugu".

Lankidetza hitzarmen hau, baserritar edota ekoizle, guraso, haur, irakasle, sukaldari eta beste eragile batzuekin "elkarlanean" lortu dela eta elikadurak, gure ingurugiroan eta paisaian duen eragina eta bertako nekazaritza sustatzeko "baliogarria" izango dela esan dute.