Bosgarren edukiontziaren aldeko apustua berretsi du EAJk, "sistema onena" delako

Uztarria.eus 2014ko urt. 30a, 11:19

Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaleak esan du 2014ko aurrekontu proiektua "erabakigarria" eta "argitzailea" izango dela, "gaur egun Bilduren eskuetan dagoen Udal gobernuaren benetako asmoak zeintzuk diren jakiteko, hondakinen gaiari eskainiko dioten diru-partida agertu beharko dute-eta"

EAJren udal taldeak hondakin organikoarentzako edukiontzi marroiak "lehenbailehen leku guztietan jar ditzala" eskatu dio Udal gobernuari, "hondakinen bilketa berezitua egiteko gaur egun dauden sistemetan onena delako".

Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak esan du Legazpi dela "eredurik onena", bosgarren edukiontziaren bidez %80ko bilketa berezitua lortu duelako: "Uste dugu hau dela bidea, eta badela garaia Udalak denbora galtzeari eta denon dirua bosgarren edukiontzia martxan jartzea atzeratu besterik egiten ez duten ikerketa eta aukerak aztertzen alferrik gastatzeari utzi, eta eman dezala behin betiko aurrerapausoa, eta bere garaian aho batez hartu zen erabakia gauzatu dezala, hau da, bosgarren edukiontzia bultzatzearena, atez atekoa baztertuta. Bosgarren edukiontzia metodo erabat eraginkorra da bilketa berezituko ratioak lortzeko, eta garbiagoa, erosoagoa eta ekonomikoagoa da erabiltzaileentzat".

Ildo beretik esan du 2014ko aurrekontu proiektua "erabakigarria" eta "argitzailea" izango dela, "gaur egun Bilduren eskuetan dagoen Udal gobernuaren benetako asmoak zeintzuk diren jakiteko, hondakinen gaiari eskainiko dioten diru-partida agertu beharko dute-eta".

Aurrekontuak "sekreturik handienean" osatzen ari direla salatu du Gorrotxategik:  "Zenbait proiekturen gainean dakiguna ( Milagrosa ikastetxea Betharrametara eramatea edota igerilekua handitzea) azpeitiarren begietatik ezkutatzen jarraitu beharko dute, errespontsabilitate politiko eza leporatzea ez badute nahi. Hori ez dator bat, inolaz ere, Udala etengabe aldarrikatzen ari den gardentasun eta partaidetza saiakera horrekin". 

Bestalde, EAJk modu positiboan baloratu du bosgarren edukiontziaren erabileraren inguruan ostegunerako antolatu den ikastaroa. Horrez gain, orain konpostatze komunitarioa egiten dutenek jasotzen duten erreziboaren %25eko hobaria bosgarren edukiontziaren bidez bilketa berezitua egiten duten herritar guztiei ezartzeko eskatu du Gorrotxategik. EAJren ustez, Udalak neurri horiek hartuko ez balitu azpeitiarren artean "diskriminazioa egiten" arituko litzateke, bakoitza bizi den lekuaren arabera eta gune horrek konpostagailurik baduen ala ez kontuan izanda: "Denok ordaintzen badugu erreziboa, zati organikoaren bilketan parte hartzen dugun guztiok, bai konpostagailu bidez edo bai bosgarren edukiontziaren bidez, hobari berberak izan behar ditugu".