Martin Guevara, Capsula taldekoa: "Urte hauetan eginiko lanaren fruitua jasotzen ari gara"

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 30a, 10:49
Capsula taldea. (Capsula)

Jatorri argentinarra duen hiruko bilbotarra da Capsula. Hamabost urteko ibilbide luzea du Martin Guevara abeslariak eta gitarristak gidatzen duen taldeak. Denbora tarte horretan, bederatzi disko argitaratu dituzte, eta hainbat bira egin dituzte Europan eta Ameriketan barna. Etzi, Solar Secrets lanik berriena aurkeztuko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; jaialdia Sermonds taldeak irekiko du, 23:00etan. Urola Kostako Hitzak Guvararekin hitz egin du.

Zeintzuk dira disko berriak ezkutatzen  dituen eguzki-sekretuak?

Diskoaren sekretu guztiak modu esplizituan ageri dira abestietan, eta, batez ere, doinukeran. Taldearen ibilbidean doinu molde jakin batzuk bilatzen aritu gara, eta disko honetan inoiz baino nabarmenagoa izan da. Taldearen progresioak eta eboluzioak gure doinu propiorantz eraman gaitu. Zentzu horretan, aurreko diskoekin alderatuta, honakoa helduagoa da. Askoz ere gusturago sentitu gara estudioan, baita ekoizlearekin egindako elkarlanean ere. Tony Visconti izan dugu ekoizle eta, egia esan, kristorena izan da harekin lan egin ahal izatea. Gure idoloek sortutako disko askoren atzean bera egon zen, dela David Bowie dela T. Rex.

Paradoxikoa dirudi Viscontirekin lan egitea, David Bowieren Ziggy Stardust diskoaren omenaldi bira egin ondoren, ezta?

Oso modu naturalean sortu da guztia. Itzulia eman eta itxi den ziklo bat izan da taldearentzat harekin lan egitea. Gu­re oinarrizko erreferentzien eta eraginen atzean Visconti bera egon zen soinu mahaian. Gure disko gogokoenen sortze prozesuak lehen pertsonan bizi izan zituen… Paradoxikoa baino gehiago, bilakaera naturala izan da. Noizbait etorri behar zuen eta orain iritsi da.

Errespetu handiko elkarlana izan dela dirudi, behintzat.

Hala izan da, zalantzarik gabe. Elkarren artean errespetu handia sortu zen hasiera-hasieratik, baita elkarrekin lan egiteko gogo bizia ere. Hark talde berri bat ikusi zuen gugan, musikari klasiko horienganako miresmena zuen talde bat, eta, era berean, doinu berri bat eskaintzen duena rock-and-rollaren esparru zabalean. Gure aldetik, bera bezalako izar batekin aritzea itzela izan zen. Oso pertsona gertukoa da, eta maisu handia benetan.

Gehiago irakurtzeko egin klik hemen.