Otsailaren 8ko pilota jaialdira gerturatu eta "auziperatuei babesa" adierazteko deia egin dute

Uztarria.eus 2014ko urt. 28a, 19:56

Otsailaren 8an, zapatua, 35/02 (herriko tabernen auzia) eta 26/11 (Segiren aurkako auzia) sumarioetan auziperatuta dauden eskualdeko lagun eta elkarteei "babesa adierazi eta auzi horiek salatzeko" pilota jaialdia egingo da Frontoi Txikian, eskualdeko Libre lantaldeek antolatuta eta Libre Asteburuaren barruan. Gaur, asteartea, aurkeztu dute ekimena, Frontoi Txikian bertan. Han izan dira, jaialdian parte hartuko dutenetakoekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren Mikel Arregi Ertxin zestoarra, Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna, eta Azpeitiko Orkatz eta Azkoitiko Zakela kultur elkarteetako ordezkariak ere (argazkian).

Bi partida jokatuko dira otsailaren 8ko jaialdian, 18:00etan hasita: Ainhoa Garmendia eta Amaia Irazustabarrena Gipuzkoako txapeldunek Haritz eta Ertxinen kontra jokatuko dutena, palaz; eta Mikel Goñik, berak bakarrik, Jabier Odriozolak eta Josu Uzkudunek osatutako bikotearen kontra jokatuko duena, eskuz. Bi partiden artean "ekitalditxoa" egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Jaialdirako sarrerak 6 euroren truke erosi ahal izango dira, Azpeitian Orkatzen, Azkoitian Zakelan, eta Zestoan Koiote tabernan.