Hamargarreneko irudiaren bila

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 22a, 10:43
'Urola Kostako Hitza'-ren lehen urteurrena ospatzeko ekitaldia, Zarauzko Merkatu Plazan. (Gorka Rubio)

Logo lehiaketa antolatu du Urola Kostako Hitzak, egunkariaren hamargarren urteurrena irudikatze aldera.

Urola Kostako Hitza egunkariak 10 urte beteko ditu otsailaren 20an, eta urteurren biribila ospatzeko antolatu dituen jardueren artean, logo lehiaketa jarri du abian. Lehiaketa publikoa izango da, eta eskualdeko herriren batean jaio edo bizi den edonork har dezake parte. Parte-hartzaileek otsailaren 12ko 14:00ak bitartean aurkeztu ditzakete beren sormen lanak. Egileek nahi duten teknika artistikoa erabili ahal izango dute logoa lantzeko orduan. Lanek originalak eta beste lehiaketaren batean saritu gabeak izan beharko dute. Horrez gain, 10. urteurrena islatu beharko dute ezinbestean,  10 urte, 11 berri leloa oinarri hartuta. Egile bakoitzak nahi adina lan aurkezteko aukera izango du, gainera. Lanak programa bektorial batekin egin beharko dira, 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin, eta zuri-beltzean nahiz koloreetan erabiltzeko modu egokian.

Logoak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira, ukhitzalogoa@hotmail.com posta elektronikoan. Mezu berean, aparteko dokumentu bat txertatu beharko dute parte-hartzaileek beren datu jakingarriekin: izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia, hain zuzen ere. Epaimahaiaren erabakia otsailaren 20an emango da jakitera; HITZAren 10. urteurren eguneko egunkarian, alegia. Sari bakarra egongo da, eta lehiaketaren irabazleak bi lagunentzako afari ederra jasoko du opari.

Epaimahaia Hitzako arduradunek, diseinatzaile grafiko batek eta artean aditua den lagun batek osatuko dute. Erabakia hartzerakoan diseinu berritzailea eta identifikatzeko erraza izatea baloratuko da. Aurkeztutako diseinuek eskatzen den kalitatea lortuko ez balute, lehiaketa hutsik gera daiteke. Logo irabazlearen jabetza eskubidea UROLA KOSTAKO HITZAren esku geratuko da, eta irudia erabiltzeko askatasun osoa izango du. Bestalde, saritu gabeko lanak suntsitu egingo dituzte. Lehiaketa honetan parte hartzeak aurrez adierazitako baldintza guztiak onartzen direla adieraziko du, baita epaimahaiaren behin betiko erabakia ere. Informazio gehiagorako ukhitzalogoa@hotmail.com posta elektronikora idatzi daiteke.