Erniarraitz sariketako lehen kanporaketarako sarrerak zozkatuko ditu Uztarriak

Uztarria.eus 2014ko urt. 21a, 12:16

Urtarrilaren 24an, ostirala, izango da sariketako aurreneko bertso kanporaketa, 22:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Zozketan parte hartzeko, Nork irabazi zuen 2012ko Erniarraitz sariketa galderari erantzun behar zaio urtarrilaren 23ko, 11:00k baino lehen, uztarriazozketak@gmail.com helbidera idatzita.

Ostiralean, hilak 24, hasiko da VII. Erniarraitz Sariketa. Hiru kanporaketa izango dira guztira, eta aurrena ostiralean izango da Sanagustin kulturgunean, 22:00etan hasita. Bertso saiorako bi sarrera zozkatuko ditu Uztarria Komunikazio Taldeak bere bazkideen artean. 

Uztarriak bi sarrera ditu zozketatzeko, eta kanporaketarako sarrerak eskuratu nahi dituenak galdera honi erantzun behar dio: Nork irabazi zuen 2012ko Erniarraitz Sariketa?

Erantzunak uztarriazozketak@gmail.com helbidera bidali behar dira, parte hartzen duen bazkidearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia emanez. Urtarrilaren 23ko, osteguna, 11:00k baino lehen bidali behar dira erantzunak.

Ostegunean bertan jakinaraziko ditu Uztarria Komunikazio Taldeak saridunen izenak, Uztarria.com-en. Sarrerak non eskuratu saridunei zuzenean adieraziko zaie; horregatik, ez ahaztu telefono zenbakia ere jartzea, harremanetarako.

Ostiraleko kanporaketan Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Saioa Alkaiza (Antsoain), Malen Amenabar (Larrabetzu), Unai Mendizabal (Zizurkil) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia) izango dira. Gai-jartzaile lanetan Gurutze Oiarzabal ariko da.

Lehiaketa gehiago datozen asteetan

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako lehiaketa gehiago egingo ditu datozen aste eta hilabeteetan, eta beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide! Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.