Nekane Zinkunegi: "Helburua ondo pasatzea eta beldurrak galtzea da"

Urola Kostako Hitza 2014ko urt. 15a, 10:52
Nekane Zinkunegi (Errezil, 1990) Errezilen hasi zen bertsotan Jokin Urangarekin, eta Erniarraitz Bertso Eskolan ibili zen gero. Kazetaria da ofizioz, eta berak gidatuko du Jabetze Eskolako bertsolaritza tailerra. Urola Kostako Hitza-k berarekin hitz egin du.
 
Aurten lehen urtez bertsolaritza ikastaroa eskainiko da Jabetze Eskolan. Nondik sortu da ideia?
 
Iazko martxoaren 8an bertso-poteoan bi-hiru neska ibili ginen bertsotan, eta han esaten zigun ondo legokeela gainontzekoek ere ikastea. Orduan modu anekdotikoan esan zen, eta ez dakit hortik ote datorren. Niri Jabetze Eskolako arduradunek proposatu didate ikastaro hau ematea.
 
Emakumeek oraindik konfiantza falta al dute bertsoaren mundu maskulino horretan sartzeko?
 
Posible da, agian bertso eskolak ere ez direlako hain gertukoak ikusten. Gu, adibidez, txikitatik ibili gara, baina neska azpeitiarrik ez zebilen bertsotan Erniarraitzen denok ginen errezildarrak eta azkoitiarrak.
 
Zeure esperientziatik, zein eragin du zure bertsolari jardunean emakume izateak?
 
Gurea nahikoa kasu berezia da, gure taldean Jokinez (Uranga) gain, beste mutil bakarra zegoelako. Neskak ginen gainerakoak. Erniarraitzeko gainontzeko taldeetan, berriz, denak mutilak ziren. Hortaz, geuk modu naturalean bizi izan dugu. Geroztik, saioei dagokienez, badakigu neskak garela eta horren inguruan kantatzea tokatzen zaigula edo, badakigu, emakumeen eguneko edo beste edozein emanalditan emakume izateagatik tokatzen zaigula hor egotea. Gure kasua desberdina da, baina, orokorrean, jendeak esaten du nolabait gizonentzako egituratutako mundu bat dela eta zenbait neska modu ez-natural batean sentitzera iritsi direla mundu horretan.
 
Edonola ere, hobetzen doan egoera al da hori?
 
Bai, batez ere geroz eta neska gehiago dagoelako eta oso maila ona ematen dutelako. Geroz eta emakume erreferente gehiago ari dira nagusitzen mundu horretan, eta bertsozale elkartetik ere aktiboki bultzatzen den ikerketa da generoaren inguruan egiten dena. Beraz, bai, aldatzen ari dela eta hobera aldatzen ari dela esango nuke.
 
Zein gomendio egingo zenioke bertsoak tentatzen duen emakumeari?
 
Etortzeko, helburua ez delako hemen bat-batean neska bertsolari pila elkartzea edo plazako jardunean denok hastea; bertsoa aitzakia hartuta, taularatzeari edo jende aurreko jardunari beldurra eta lotsa galtzen hastea da garrantzitsuena, hori ere gehiago izan baita nagusiki gizonak okupatu duen espazio publikoa. Tailerraren helburua da bertsoen bueltan ondo pasatzea, elkar ezagutzea eta bakoitzaren konplexuen berri izatea. Nik ahal dudana egingo dut horretarako, baina norberak dakarrena izango da garrantzitsuena.