Beharraren araberako hobarien alde

IƱaki Arregi 2014ko urt. 14a, 10:47

Iñaki Arregik Uztarria.com-era bidalitako iritzi artikulua da hurrengoa.

Etxebeltz-Izarrako eremuko babes ofizialeko etxebizitzetako jabeen hainbat errebindikazio ikusi dut azken hilabeteetan. Guztiz harrituta utzi naute. Gehiena harritu nauena tasen ingurukoa da, beraien argudioa sinplea da: babes ofizialeko etxebizitza dutelako tasa gutxiago ordaindu behar dituzte. Udalari zuzendutako eskutitza eta guzti argitaratu zuten, gogor defendatuz argudioa.

Ez dut inoiz eskaera injustuagorik ikusi. Beraiek, etxebizitza babestua izateko pribilegioa izan dute, oraindik ere pribilegio gehiago nahi dituzte? Alde Zaharrean bizi direnak, hipotekak ezin ordainduta dabiltzanak, gaizki pasatzen ari direnei gertatzen zaiena berdin zaie, beraiek beraienera; datu objektibo bakarraren bueltan beti, hau da, etxebizitza ofiziala baduzu, zerga gutxiago.

Irakurri izdudanez, udalak hobariak errentaren eta beharren arabera hartu ditu, eta nik bat egiten dut. Bakoitzaren beharren arabera eman dadila hobaria. Eta gehiago esatera ausartzen naiz, eskaera bat luzatu nahiko nioke udalari: aztertu dezala babes ofizialeko etxea izateko baldintzak betetzen jarraitzen al duten eremu horietako pribilegiatuak, zenbat etxe dituzten herentzietatik, zer sarrera dituzten... eta etxebizitza horiek desjabetu eta herritarrei berriz adjudikatzeko eskatzen dut, uneko beharraren arabera. Hau da, jabetza kentzea eta alokairu publiko bilakatzea.