Lapatx ixteko azpiegiturak adostea eskatuko die Udalak eragile eta alderdiei

Uztarria.eus 2014ko urt. 8a, 16:45

Bilduk proposatutako mozioaren alde bozkatu zuen EAJk eta Hamaikabat abstenitu egin zen, urteko lehen Udalbatzarrean. San Sebastian bezperako danborradako taldeei "beraiek egoki ikusi eta onartzen badute" bandera igo aurreko unean irakurtzeko testua ere proposatu die Bilduk; horrekin batera, irakurketarik ez egitea edota minutu bateko isilunea gordetzea ere aukeran jarriko dizkiete taldeei.

Lapatx zabortegiaren itxiera hizpide izan zuten herriko ordezkari politikoek atzo, asteartea, urteko lehen Udalbatzarrean. Abenduko bilkuran EAJren taldeak egindako eskaerari erantzunez, Bilduk mozioa aurkeztu zuen. Lapatx zabortegia adostutako epean ixteko eskaeran -Udalak 2011ko urrian onartua- "pauso bat aurrerago joatea" proposatu du Bilduk, Eneko Etxeberria alkatearen esanetan. Horrela, "eragile guztiei eta bereziki Gipuzkoako Batzar Nagusietako talde politiko guztiei" eskaera luzatzen die Udalak mozio horretan, "azpeitiarren interesak defendatzeko, ez ditzatela gure herriko interesak ahaztu eta adostu ditzatela Lapatx ixteko azpiegiturak errauskailu gabeko alternatiban". Mozioaren testu osoa, hemen.

Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta Hamaikabaten abstentzioarekin onartu zuten Lapatxen itxieraren gaineko mozio berria. Aitor Gorrotxategi bozeramaile jeltzaleak bere taldea mozioan jasotako "eskaerarekin ados" dagoela berretsi zuen, baina "testuaren zati batzuekin" ez horrenbeste; "pilota besteren teilatura botatzea esaten zaio horri", esan zuen. Hamaikabateko Aitor Aranguren, bere aldetik, abstenitu egin zen, "eskaera horri ezezkorik ezin diot-eta eman". Onartutako mozioa "gaizki egindako pausotxo bat" dela uste du, ordea, Arangurenek. Edukia "adosteko ahaleginik egin ez" izanarekin kexu agertu zen eta, "eskatzea ondo" egonda ere, "ez da ezer soluzionatzen", gaineratu zuen.

Danborradarako proposamenak

Lapatxen itxieraren gainekoa ez zen izan Udalbatzarreko proposamen bakarra. San Sebastian bezperako danborradarekin lotuta beste bat plazaratu zuen Bilduk. Aspaldiko urteetan, gauerdian bandera igo aurretik, helduen danborradako taldeen ordezkariek egoera politikoarekin eta bereziki presoen egoerarekin lotutako testua irakurri izan dute. Hori dela eta, "eta jakinik guri ez dagokigula, beraiek erabakitzen dutelako", Udalak danborradako taldeei proposatzeko testu bat aurkeztu zuen Udal Gobernuak. "Agian batzuk nahi adinako sendoa ez izan arren, bizikidetzan aurrera egiteko pauso kualitatibo" gisa aurkeztu zuen testu hori Etxeberria alkateak.

Oposizioko taldeek testua bera orokorrean modu positiboan baloratu zuten, baina bai EAJ eta bai Hamaikabat festetako ekitaldiak politikarekin ez nahastearen alde agertu ziren. "Izatekotan, pakearen aldeko minutu bateko isilunea eskatuko genuke", esan zuen Gorrotxategik, "testu batean sentsibilitate denak jasotzea oso zaila delako".

Iritzi guztiak entzunda, danborradako taldeei mahai gainean jarritako proposamen guztiak aukeran jartzea erabaki zuten. Horrela, eta beti ere azken hitza taldeena izango dela nabarmenduta, Udalbatzarrera eramandako testua edo besteren bat irakurtzea, isilunea eta ekitaldirik ez egitea izango dituzte aukeran urtarrilaren 19ko danborjoleek.