Inauguratu dute zelai artifiziala

Uztarria.eus 2013ko abe. 27a, 13:48

Hiru hilabete inguruko lanen ostean, gaur, ostirala, inauguratu dute zelai artifizial berria, Garmendipeko anexoa zegoen tokian. Bertan izan dira Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Futbol Federazioko kideak. Horiez gain, Lagun Onak eta Ikasberri futbol taldeetako ordezkari, entrenatzaile eta jokalari ugari ere bertan izan dira.

Inaugurazio ekitaldian Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu du hitza, eta "eskerrak eman dizkie Azpeitiko Udaleko Kirol saileko kide guztiei, Futbol Federazioari eta Foru Aldundiari emandako laguntzagatik". Etxeberriaren aburuz, "kirola sustatzeko baliagarria da zelai berria. Herriko futbol taldeek zelai baten beharra zuten, eta ziur gaude erabiliko dutela".

Behin alkateak hitz eginda, dantzariek aurreskua dantzatu dute, eta horren ondoren moztu dute zinta Juan Luis Larrea federazioko presidenteak, Ikerne Badiola Foru Aldundiko diputatuak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Etxeberriak berak atera du ohorezko sakea ere, eta ekitaldiaren ostean Lagun Onakeko eta Ikasberriko gaztetxoek lagunarteko partidak jokatu dituzte.