Eneritz Albizu: "Momentu batean uste nuen liburuxka ez nuela inoiz amaituko"

Uztarria.eus 2013ko abe. 27a, 11:07
Eneritz Albizu liburuxkaren egilea.

Bihar, zapatua, aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Maria Jesus Arregiri buruzko liburuxka biografikoa. Eneritz Albizu azpeitiar kazetariak idatzi du liburua, eta aurkezpen ekitaldia 12:00etan izango da, Sanagustin Kulturgunean. Uztarriak banatu ditu liburuxkak etxeetara, eta bazkideek jada irakurri dezakete liburuxka. Uztarria.com-ek liburuaren egilearekin, Eneritz Albizurekin, hitz egin du.

Nolako esperientzia izan da liburua idaztea?

Oso esperientzia polita izan da. Uste dut ikasleontzat aukera bikaina dela kazetaritza eta idazketaren mundua ezagutzeko. Lan handia eta dedikazioa behar du; gogoz egin beharreko lana da. Azkenean, biografia bat sortzea ez da ordenagailu aurrean idatzi eta idatzi jardutea soilik, jendearekin harremanak egiten ikasten duzu; komunikatzen eta entzuten.

Idazten duzun aurreneko liburua da, ezta?

Bai, lehena da. Hemen, Uztarrian, bada norbait esaten duena hil aurretik hiru gauza egin behar direla: zuhaitza landatu, haurra izan eta liburu bat idatzi. Lehena egin dut.

Nola jaso zenuen Uztarriaren proposamena?

Oso gustura. Esan bezala, kazetari gazteontzat oso aukera ona da horrelako liburuxka bat idaztea. Esan nahi dut ikasten hasi nintzenetik Uztarriak idazteko aukera eman didala, eta asko ikasi dudala herri aldizkariari esker. Unibertsitatean asko ikasi behar da, baina gero, benetan ofizioa ezagutzeko, aukeraren bat emango dizun norbait behar izaten da. Gure herri aldizkaria beti saiatzen da gazteei aukerak ematen, eta oso eskertuta nago bertako langileekin. Familia bat bezala da erredakzioa.

Izango zuen eta du zer kontatua Maria Jesus Arregik.

Bai, noski. Oraindik harrituta nago neu ere. Astero gelditu ohi ginen hitz egiteko, eta astero-astero aho zabalik uzten ninduen. Gure herrian eta herriagatik lan asko egin duen emakumea da, eta merezi zuen lan hori jasotzea eta aitortzea. Gainera, arlo desberdinetan jardun du beharrean. Bihotz oneko emakumea da, beti ahulenengan pentsatzen du, eta zortea izan da hura ezagutzea.

Erraza egin al zaizu Arregiren bizitza laburbildu eta jasotzea?

Momentu batean uste nuen liburuxka ez nuela inoiz amaituko. Hari bati tiraka hasi orduko, beste bost agertzen zitzaizkidan. Liburuxkaren zenbat bertsio egin ote ditudan… baina beti dago zerbait hobetzeko. Hala ere, lan atsegina izan da.

Aurretik ezagutzen al zenuen protagonista?

Egia esan, ez. Kalean ikusiz gero ezagutuko nuke, baina ez nuen inoiz harekin hitz egin. Orain sinesgaitza iruditzen zait, horrelako herritar bat aurretik ez ezagutu izana.

Behin liburua idaztea bukatuta, nola deskribatuko zenuke Maria Jesus?

Hasteko, bihotz oneko pertsona dela esango nuke. Bere amaz esaten du urrezko bihotza zuela Marijek; eta berak ere halaxe du, urrezkoa eta handia. Beti, edonori, laguntzeko prest dago. Bestalde, oso pertsona mugitua da, aktiboa: agortezina da. Haren agenda begiratu besterik ez dago, oso zaila da berekin egoteko tartetxo bat aurkitzea. 68 urteekin herri mugimenduko pertsona garrantzitsuetako bat da. Gazte askok baino ilusio eta grina handiagoa du gizartea eraldatzeko, eta eredugarria da. Bestalde, aipatu nahi nuke harrotasunez adierazten duela emakumea dela. Badirudi lan egiten duten pertsonak, askotan, gizonak direla, baina ez da egongo Arregiri aurre hartuko dion gizon asko.

Zapatuan izango da aurkezpena, eta herritar ugarik jasoko du liburua etxean.

Herritar guztiak gonbidatu nahi genituzke aurkezpenera. Arregi ezagutzen dutenak, eta ezagutzen ez dutenak; liburua irakurri dutenak, eta oraindik ireki ere egin ez dutenak. Irekia da, eta besoak zabalik jasoko ditugu. Festa polita izango da. Horrela, nire iritziaz gain, hark esaten duena ere entzungo dugu.