EAJri erantzunez

Aitziber LarraƱaga Aizpurua 2013ko abe. 13a, 12:06

Aitziber Larrañagak EAJk hondakinen bilketaren inguruan ateratako oharrari erantzun dio.

EAJko zinegotzia legatza erostera doa arraindegira. Gabonak datoz, familiak merezi du hainbeste. Labean prestatzen dute, demagun. Bazkaria goxoa da, arraina bikaina. Bizitzako plazer hauek.
 
Paradoxa zer den baina: segundu bat lehenagora arte plazer eta manjarra zena, txerrijana da aurrerantzean EAJko zinegotziarentzat. Plateretik ahalbait azkarren erretiratu nahi du, etxeko zaborrontzira bota eta zaborrontzitik ahalik eta azkarren kendu, edukiontzira botaz. Duela minutu batzuk gozoa zena zerrikeria bat baita orain.
 
Prentsan irakurri ahal izan dut, ez dutela txerrijanik nahi etxe aurrean. Oso ondo. Nik badaukat irtenbide bat: ez dezatela etxean jan, ez badute sortzen duten hondakinaren arduradun izan nahi. EAJrentzat deserosoa dena berak sorturiko hondakinarekin bizitzea da.
 
Ulergarria izanagatik, itxurakeria eta mikrofaxismoa ere bada. Alde batetik itxurakeria, minutu bat lehenagora arte gozoa zena txerrijana bihurtzen duelako, baina, batez ere, berak sorturiko hondakinen arduradun egin nahi ez duela erakusten duelako.
 
Mikrofaxismoa da, EAJk argitaratu zuen oharrean, erosotasunaren argudioa lehenesten duelako ardura herritar eta politikoaren aurretik, eta herritarrak hura sustatzera bultzatzen dituelako. Populismo merkea, berriro ere, herritarrei betebehar etikoa zein den gogoratu beharrean, kaka gehiago nahastea besterik ez baitu bilatu interes politikoekin.
 
Laster helduko dira beltzik ez zegoenean kaleak seguruagoak zirelako argudioekin. Horrela hasten baita mikrofaxismoa. Ez dugu txerrijanik nahi kalean, eta gero, ez dugu beltzik nahi. Ez zien Sarkozy alferrik Racaille deitu hauei: beltzak ere zaborra baitziren presidente ohiarentzat.