Gorputzetik abiatutako poesia, gorputzez adierazia

Berria 2013ko abe. 12a, 17:59

Hondakindegia errezitaldi ez-musikatua estreinatuko dute bihar, ostirala, Berlinen, Iñigo Astizek eta Mikel Aierbe azpeitiarrak. Berria-n proiektuaren gainean idatzi du Juan Luis Zabalak.

"Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik / eta harrixkak baztertuta ahoratu gero, / baina ez dut denak kentzerik lortu. / Minduta, odoletan hasi zaizkit hortzoiak...". Horrela hasten da Esperimentu geofagoa l(ab)orategian, Iñigo Astiz idazle eta Berria-ko erredaktorearen Baita hondakinak ere liburuko (Susa, 2012) aurreneko poema. Poema liburu hori irakurri zuelarik -poemak gustuko zituela egiaztatzearekin batera-, poemetako asko, aurreneko hori bezala, gorputzetik abiatu eta ekintzara bideratuak zirela jabetu zen Mikel Aierbe literatur irakasle eta ikerlaria, eta poema horiek oholtzara eramateko aukeraz pentsatzera eraman zuen horrek. Aierbek Astizi aukera hori planteatu zion iazko ekainean eta harrezkero pixkanaka-pixkanaka Hondakindegia errezitaldi ez-musikatua prestatzen joan dira biak, bidean batutako hainbat konplizeren laguntzaz. Berlingo Bethanien kultur zentroan estreinatuko dute, bihar, Berlingo Euskal Etxeak gonbidatuta.

Alemaniako estreinaldiaren ondotik, Azkoitiko Matadeixen (abenduaren 29an) eta Gasteizko Parral tabernan ere (urtarrilaren 28an) egingo dituzte emanaldiak.

Berria-ko artikulua osorik irakur daiteke hemen.