Hiru eredu aukeran, hondakinen bilketa sistema berrirako

Uztarria.eus 2013ko abe. 10a, 20:02
Udaletxean aurkeztu zituzten bilketarako hiru proposamenak. Mahai buruan, Puig, Etxeberria alkatea eta Goenaga.

Udalak hala eskatuta, ENT enpresak azterketa teknikoa egin du, Azpeitian %70eko birziklatze tasara iristeko egokienak izan daitezkeen sistemak proposatzeko. Aurkeztutako hiru aukeretan, hondakin organikoaren eta errefusaren bilketa kontrolatua planteatu dute, egutegi zehatzekin, beira eta plastikoak jasotzeko edukiontziak orain arte bezala mantenduta.

Joan den maiatzean, aho batez hartutako akordioan, ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezartzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak. Sistema eraginkorrenaren bila, eta %70eko birziklatze tasa helburu jarrita, Kataluniako ENT enpresa izan da azken hilabeteetan Azpeitira egokitutako hondakinen kudeaketarako sistemak aztertzen aritu dena. Atzo, astelehena, Udaleko talde politikoen eta herriko hainbat eragileren aurrean aurkeztu zituzten azterketaren emaitzak ENT-ko zuzendari Ignasi Puigek eta Urola Erdiko Mankomunitateko teknikari Orkatz Goenagak.

Puigek azaldu zuenez, azterketa lanak abiatu aurretik "Udalak bere proposamenak" jakinarazi zizkien. "Horietako batzuk balioetsi ditugu, eta beste batzuk aldatzea proposatu dugu; esate baterako, hondakin sorreraren eta bilketarako beharrezko denboraren kalkuluekin lotutakoak". Finean, bilketa sistema berrirako hiru proposamen aurkeztu dituzte. Hiru aukeretan, hondakin organikoaren eta errefusaren -edukiontzi grisera bota beharrekoa- bilketa kontrolatua planteatu dute, egutegi zehatzekin, beira eta plastikoak jasotzeko edukiontziak orain arte bezala mantenduta.

"Hiru aldaerak bateragarriak izan daitezke, batak ez du bestea baztertzen", nabarmendu zuen Orkatz Goenagak. "Hirurak erabil daitezke, gune bakoitzaren beharren arabera, edo bakarra hautatu... Azken batean, hori erabaki politikoa izango da". Udalak, momentuz, ez du zehaztu erabaki hori noiz edota nola hartuko den. Hori bai, hiru proposamenak herritarrei azaltzeko asmoa aurreratu dute.

Hiru aukerak

Azpeitian hondakinen bilketarako proposatu dituzten hiru proposamenak hauek dira:

  1. Hondakin organikoarentzako eta errefusarentzako bilketa komunitarioa, karrera edo etxepe bakoitzean edukiontziak ezarrita.
  2. Organikoaren eta errefusaren bilketarako ontziak kalean ezartzea, baina bilketa egun eta orduetarako soilik. Ontziak jarri eta erretiratzearen ardura udal langileek edo Mankomunitatekoek izango lukete, kasu horretan.
  3. Aipatutako bi frakzioen bilketarako edukiontzi itxiak kalean ezartzea, eta giltza elektronikoen bidez kudeatzea.

Hiru aukeretan, esan bezala, beira eta plastikoarentzako eta ontzi arinentzako edukiontziak (berdea eta horia, hurrenez hurren) kalean mantenduko dira, orain arte bezala.

Era berean, hondakin organikoa eta errefusa biltzeko egutegi eta ordutegiak aurrez finkatuta egongo dira, aukeratzen den proposamena aukeratzen dela. Horrela, aurreikusita dago organikoa astean hirutan jasotzea, eta errefusa astean behin. "Egutegia ezartzea oinarrizko faktorea da, gaikako bilketa sustatu nahi bada. Izan ere, errazena da hondakin denak errefusa moduan botatzea, sailkatu gabe. Errefusa astean behin ateratzera mugatutzeak, gaika sailkatzea errazten du", azaldu zuen Puigek.

Alde onak eta eragozpenak

Aurkeztutako aukera bakoitzak "bere alde onak eta bere eragozpenak" dituela esan zuen Puigek. Bat ala bestea aukeratzea "azken batean, erabaki politikoa" dela berretsi zuen, Goenagak bezala.

Kostuez galdetuta, "inbertsio txikiena" eskatzen duena bilketa komunitarioa dela azaldu zuten Puigek eta Goenagak. "Malguena ere bada, ezarri eta gero aldatzea erabakitzen bada ere". Aldiz, kasu horretan hondakinak gaika sailkatzearen "ardura osoa hondakin sortzaileen gain" gelditzen da. Ontziak kalean jarri eta kendu ibiltzeak "gune publikoen okupazioa" luke alderdi txarretako bat, sistema komunitarioa baino garestiagoa izatearekin batera; erosoagoa litzateke, hori bai, erabiltzaileentzat. Giltza elektronikoarekin kudeatutako edukiontziek, berriz, "hondakinak kudeatzeko ardura duenarentzat informazio iturri fidagarriena" izatean daukate indarguneetako bat. Kasu horretan ere, eremu publikoaren okupazioa kontuan hartu beharrekoa da eta, kostuari dagokionez, hiruetan sistema garestiena dela azaldu zuten teknikariek. "Ezarriz gero, gainera, oso zaila da erabakian atzera egitea, malgutasun txikiena eskaintzen duena da".

Puigen eta Goenagaren arabera, hiru aukerek bermatzen dute birziklatze tasan %70era inguratzea. 2012an, Azpeitian birziklatze tasa %32koa izan zen eta, Orkatz Goenagak esan zuenez, 2013ko datuak ez dira hortik oso gorakoak izango.