Ibilbide laburragoarekin dator XIII. San Silbestre lasterketa

Uztarria.eus 2013ko abe. 6a, 15:50
Nerea Uranga (Hitza), Manuel Unanue (Udala), Agustin Jimenez eta Egoitz Arruti (Xeye), aurkezpenean.

Aurten 6,4 kilometro osatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Trafikoarekin sortzen ziren zenbait gorabehera saihesteko eta korrikalarientzat "proba erosoagoa" izateko laburtu dute ibilbidea. 2013ko edizioa ere "lasterketa herrikoia" izatea espero dute Xeye Atletismo Taldeko antolatzaileek. Izena aurrez emateko epea irekita dago, abenduaren 27a arte. Egunean bertan ere inskripzioa irekita izango da, baina 25 euroren truke.

Hamahirugarren urtea beteko du aurten Azpeitiko San Silbestre herri lasterketak. Xeye Atletismo Taldeak Urola Kostako Hitza-ren laguntzarekin eta Udalaren babesarekin antolatuta, Urte Zahar egunez egingo da beste behin atletismo proba. Abenduaren 31 goiz osoan zehar egingo dira maila ezberdinetako lasterketak. Proba nagusia, berriz, 12:00etan hasiko da

Aurten ere aurreko urteetan bezalaxe "lasterketa herrikoia" izatea espero dute antolatzaileek. Hori hala izateko, trafikoarekin sortzen ziren zenbait gorabehera saihesteko eta korrikalarientzat "proba erosoagoa" izateko, oraingo honetan lasterketa nagusiko ibilbidea azken urteotan baino ia kilometro bat laburragoa izango da, 6,4 kilometroko ibilbidea izango duelako.

Izen-ematea, zabalik

Abenduaren 27a bitartean, honako tokietan eman daiteke San Silbestre lasterketarako izena:

  • Internetez, www.kirolprobak.com webgunean.
  • Hitza-ren Azpeitiko eta Zarauzko bulegoetan.
  • Azpeitiko Aitzaki kirol dendan eta Azkoitiko Plaza Berri Sport-en.

Izena ematerakoan ordaindu beharrekoak, berriz, hauek dira:

  • Kadete eta jubenilek, 5 euro.
  • Txip horia ez dutenek, 12 euro.
  • Txip horia dutenek, 10 euro.
  • Langabetuek Azpeitiko igerilekuan eman dezakete izena, 6 euroren truke.

Aurreko urteetan ez bezala, Urte Zahar egunean bertan ere inskripzioa zabalik izango dute antolatzaileek plazan, "inor parte hartu gabe geratu ez dadin". Egunean bertan izena ematen dutenek 25 euro ordaindu beharko dute.

San Silbestre eta Azkoitia-Azpeitia herrikoia, bat

Iaz bezalaxe aurten ere, Xeye Atletismo Taldeak Azkoitia-Azpeitia 7,5 kilometroko lasterketa herrikoian (ez maratoi erdian) eta Azpeitiko Sansilbestrean izena bateratuta emateko aukera eskainiko die lasterkariei; 2014ko martxoaren 22an jokatuko da hurrengo Azkoitia-Azpeitia. Era horretan, bi probatan parte hartzeko aukera merkeago aterako zaie kirolariei. Bi probatarako izena ematen dutenek, txip horiarekin 16 euro ordaindu beharko dute eta txipik gabe 20 euro. Bi probatarako izena batera emateko aukera www.kirolprobak.com webgunean egongo da.

Lasterketen ordutegia

Eskolarteko haurren lasterketak 10:30ean hasiko dira eta probarako izena egunean bertan eman beharko dute, plazan jarriko diren mahaietan. Horien kasuan parte-hartzea doan da. Kadete eta jubenil mailakoek, berriz, lasterketa nagusian irtengo dute, senior eta beteranoekin batera.

Hau da XIII. Sansilbestrearen lasterketen ordutegia:

  • 10:30. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.
  • 10:40. Benjamin mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.
  • 10:50. Alebin neskak: 1.300 metro, bi itzuli.
  • 11:00. Alebin mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.
  • 11:10. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.
  • 12:00. Lasterketa nagusia. 6,4 kilometro ditu.