Lapatx ixteko ordua da

Leire Etxaniz (Azpeitiko EH Bilduko zinegotzien izenean) 2013ko abe. 4a, 19:27

Azpeitiko EAJ-PNVk Lapatxen itxieraren inguruan Azpeitiko alkateari galdetzeko asmoa agertu duela jakin dugu prentsa bidez. Azpeitiko EAJ-PNV bere agintarien interesen arabera ari da jokatzen, herriko interesak ahaztuta eta eztabaidak Udalbatzan planteatu beharrean prentsa bidez egiten. Azpeitiko EHBilduren ustez, EAJ-PNVk Lapatxen ixtea nahi badu oso erraza dauka.

Hasieratik hastea hoberena. Notizia pozgarririk izan bada azken asteetan Gipuzkoan errauskailua ez egitearena da. Pozgarria da, batetik, gure osasunean kalterik ez dugulako jasango. Eta bestetik, gipuzkoarrok 500 milioi euro aurreztuko ditugulako. Zentzugabeko proiektu erraldoian 500 milioi euro gastatzeari utziko diogulako, beraz, pozgarria gure poltsikoan (azpeitiarrenean ere) izango duen eraginagatik. Baina, albistea pozgarria da batez ere etorkizuneko hondakinen kudeaketa herritarrengan jartzen duelako, gakoa hor dago: birziklatzean.

PNVk uste du azpeitiarrok elkartasunik gabeko herritarrak garela, eta arazoa konpontzeko edozein irtenbide onartu egingo dugula. Edozein. Berdin zaigula argia izateko Itziarren zentral nuklearra egotea, Donostiara errazago iristeko Izarraitz puskatu, edo errauskailua egin Zestoan. Gure zilbor-hesteari soilik begiratzen diogula eta gurea bakarrik inporta zaigula. Eta berdin zaigula, adibidez, Zubietan errauskailua egitea. Eta azpeitiarrak kontradikzioetan harrapatuko gaituela horretan.

Guk argi dugu eta hasieratik esan dugu: errauskailuaren kontra gaude eta ez egitearekin gure hitza bete dugu. Eta, argi esan dugu, gure kaltea konpontzeko tamaina berdineko edo handiagoko kalte bat egin behar bada aldameneko herri batean, ez dugula onartzen. Ezin da politika egin horrela, guk ez duguna nahi zergatik nahi dugu aldamenean? Gurea konpontzeko derrigorrezkoa al da aldameneko herritarrei kaltea egitea? Eta guk ez dugu nahi Azpeitian errauskailurik, zuek?

Guretzat kalte handirik gabeko alternatibak badaude, eta guztiaren gakoa birziklatzean dago.

Baina ez gara gu Lapatxen itxierari trabak jartzen dizkiogunak. Harrigarria bada ere ez gara gu:

    • Gipuzkoako Batzar Nagusietan dago aukera, eman eta adostu dezala hondakinen azpiegiturak egiteko baimena Gipuzkoako EAJ-PNVk, defendatu dezala azpeitiar, zarauztar eta beasaindarren nahia. Apurtu dezala blokeoarekin. Adostu eta abian jarri azpiegitura berriak, ezin da izan errauskailua edo batez planteamendua. Ezin da alde batetik blokeatu eta bestetik eskatu. Zuen esku dago, EAJren esku Lapatx ixtea.
    • Guk ez genuen zabortegia Azpeitian egitea erabaki.
    • Eta gu ez ginen gobernatzen ari Lapatx jarraitzea erabaki zenean, zuek zineten eperik gabeko akordioa sinatu zenutenak GHKrekin. Zuek sinatu zenuten akordioa.
    • Ez ginen gu 2009. urtean Lapatx ixteko konpromisoa hartu ondoren zabortegia handitzen bukatu genuenak.
    • Eta gu ez gara anpliatzeko proiektuak zituztenak, aldameneko lurrak erosiz. Ez ginen gu, GHKrekin akordioa sinatu ondoren ere zabortegia handitzea pentsatzen ari ginenak. PNV zen plan horiek zituena.
    • Gu ez ginen Lapatx Azpeitiko Udaleko eskumenetik atera eta Urola Erdiko Mankomunitatean kokatu genuenak. Lapatx Mankomunitatearena da, bailarako beste herriena tartean, eta ez Azpeitiko Udalarena.
    • Gu ez gara izan Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabakigunea dagoela defendatu dugunak, guk herrietan erabaki behar dela defendatu dugu. Erabaki dezatela zuek eta zuen aliatuek blokeo gehiengoa duten Batzar Nagusiek.

Merkeak dira zuen bideak, denak balio du. Zaborraren kudeaketaren atzean "erosi eta bota" kultura dago, erabili eta ardura gabe bota. Zuen planteamendua berdina da, arduragabekeriaren planteamendua.

Hor dago gure gonbitea, desblokeatu egoera. Esan zuen alderdiari azpeitiarron interesak defendatzeko, badela ardura. Urte askoz gaudela zabortegiarekin eta behar dugula irtenbidea, errauskailu munstro hori ez den alternatiba. Eta beren esku dagoela. Eraiki ditzagun hondakinak kudeatzeko azpiegiturak (TMB, konpostagunea, biometa planta...) eta horrela zabortegia itxiko da.

Eta herritarrei, guri, dagokigula birziklatzea. Ondo egitea erraza da eta herri eredugarria izan gaitezke.

Jarri gaitezen denok jarri behar dugunean, benetan denok azpeitiar eta gipuzkoarren interesak defendatzen ari bagara, Lapatx itxiko da.