Azpeitiarren lanak 48. Durangoko Azokan

Uztarria.eus 2013ko abe. 4a, 13:35

Bihar, osteguna, irekiko dute azoka eta igandera bitartean egongo da zabalik. Azpeitiarren hainbat lan izango da eskuragarri Landako Gunean eta zuzeneko emanaldiak ere eskainiko dituzte azpeitiarrek, Ahotsenea gunean.

Bihar, abenduak 5, zabalduko ditu ateak 48. Durangoko Azokak, eta igandea bitartean liburu eta disko azokaz gain, hainbat kultur ekitaldi izango da azokaren baitako gune desberdinetan. Egun horietan euskara eta euskal kulturaren erakustoki izango da Landako Gunea.

Azpeitiarrek ere izango dute euren lekua azokan. Aurreko urteetan argitaratutako lanak zein aurten, 2013an, kaleratutakoak eskuratu ahal izango dira bertan. Horrez gain, zuzeneko emanaldi bat edo beste eskainiko dute azpeitiarrek osatutako musika taldeek. Hemen azpeitiarrek aurten argitaratu dituzten lanen zerrenda:

Aitaren sekretua. Arana, Aitor. Ibaizabal (2013)

Pasio krimena. Morillo, Fernando. Gaumin (2013)

Infernuko arrosak. Morillo, Fernando. Gaumin (2013)

Hiru istripu eta bi amodio. Morillo, Fernando. Gaumin (2013)

Triangelu irristakorra. Ibarguren, Iñigo. Gaumin (2013)

Adiskide bat nuen. Agirre, Joxean. Elkar (2013)

Errezildarren ateraldiak. Azkune, Laxaro; Eizmendi Loidisaletxe, Juan Jose; Lazkano, Imanol. Uztarria (2013)

Los papeles de la independencia. Aristi, Pako. Erein (2013)

Zuentzat. Egurra ta Kitto!. Mauka (2013)

Zuzeneko emanaldiak:

Kometa taldeak Momentuaren zain diskoa aurkeztuko du abenduaren 5ean, osteguna, Ahotsenea gunean. 16:30ean izango da zuzeneko emanaldia.

Kasik taldeak Nora? diskoaren zuzeneko emanaldia eskainiko du abenduaren 8an, igandean, Ahotsenea gunean, 17:30etik aurrera.