Lapatx 2014an ixteko konpromisoa berresteko eskatuko dio EAJk alkateari

Uztarria.eus 2013ko abe. 3a, 10:56

Gaur, asteartea, egingo duten ohiko udalbatzarrean EAJko zinegotziek alkateari eskatuko diote Lapatx 2014ko abenduan ixteko hartu zuen konpromisoa berretsi dezala. "Tamalgarria eta sektarioa" deritzo Bilduk hondakinen inguruan egin duen kudeaketa.

Gaur, asteartea, izango da hileko ohiko udalbatzarra, eta EAJk Udalean duen taldeak Lapatx 2014an ixteko hartutako konpromisoa berretsi dezan eskatuko dio alkateari, "erabakita dagoen bezala, eta gure alkateak Beasain eta Zarauzko alkateekin batera (herri horietan daude oraindik irekita jarraitzen duten beste bi zabortegiak) 2012ko ekainaren 6an agertu zuen bezala, zabortegia 2014an ixtearen aurrean zuen satisfakzioa azalduz, 'amesgaiztoaren amaiera' izango zela zioelako".

Aitor Gorrotxategi jeltzaleen udaleko bozeramaileak esan duenez, Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohi eta gaur egun Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak "beste azpiegiturak egiten diren neurrian itxiko direla zabortegiak esanaz" egin dituen adierazpenek "alarma guztiak piztu dituzte, esku-kolpe batez ezabatu duelako Lapatx 2014 bukaeran ixteko hartutako konpromisoa". Gorrotxategiren arabera, "amesgaiztoak jarraitu egingo du, 2012an hiru alkateek esan zutena bestelakoa izan bazen ere. Eta, okerragoa dena, ez du ixteko data zehatzik. Ezker abertzaleko bere lagunak izan dira alkatearen ordez erabaki dutenak, eta horrek bere alderdiaren nahiari men egin behar izan dio, azpeitiarren behar eta itxaropenak kontuan hartu gabe".

Modu horretan Gorrotxategik salatu du "biraketa garbia" egin dutela zaborren kudeaketaren ardura nagusia dutenek, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, "zabortegiak defendatzetik 'dine die' irekita mantentzera eta Europar Batasunak agindu duenari kasurik egin gabe beste zabortegi batzuk irekitzera pasatu baitira".

Jeltzaleen bozeramaileak azpimarratu du "Azpeitiak Gipuzkoa osoari, eta San Markos itxi zenetik Donostialdeari bere solidaritatea ondo baino hobeto erakutsi diela. Leku horietan sortutako zaborraren zati bat hemengo instalazioetan hartu baita. Konpromiso horrek bazuen amaiera data bat, 2014ko abendua hain zuzen. Orduan baitziren irekitzekoak Gipuzkoako Kudeaketa Zentroaren instalazioak eta errausgailua abian jartzekoak, eta Lapatx, Sasieta eta Urtetako zabortegiak ixteko unea".

Gipuzkoako errauskailuaz

"Tamalgarria eta sektarioa" deritzo Bilduk hondakinen inguruan egin duen kudeaketa: "Errauskailua egiteko kontratua amaitu dute gipuzkoar guztion dirutik 13,7 milioi euro ordainduz lan horien esleipena jaso zuten enpresei, eta iaz ezertxo ere egin gabe lanei dagokienean. 2008an baino okerrago gaude, eta legealdi oso-oso bat galdu dugu hondakinen arazo larriari irtenbidea ematen".

Bilduren planeko azpiegitura berriak eraiki ondoren eta Lapatxek irekita jarraituko duen beldur direla azaldu du Gorrotxategik: "Plan hori ez da aurkeztu Batzar Nagusietan, han eztabaidatu eta onartzeko. Urtero sortzen den errefusa milaka tonakoa da, eta hori plastikozko boletan sartuta baldin bada ere, sartzeko beharko dituzten zabortegi berri horiek bilatzeko zereginean ari direla, gaur egunean Azpeitian dugun zabortegiaren instalazioak handitzeko tentazioa izan dezakete inguruko lurrak erosita, eta horrek arridku handi bat ekar dezake: Azpeitia izatea Gipuzkoako zabortegia datozen 30 urteetan".

EAJk azaldu duenez, Udalak aho batez "Lapatxen bizitza luzatzeko egon daitekeen arriskuari ezezko borobila ematea nahi dugu, eta ezetz esan diezaiola, irmotasun osoz, Azpeitiko instalazio horiek beste hiru hamarkadatarako handitzearen hipotesi hutsari ere".