Bertsolari Txapelketa Nagusiaren sailkapena asmatzeak saria du Uztarrian

Uztarria.eus 2013ko abe. 2a, 17:07

Abenduaren 15ean Barakaldoko BEC-en jokatuko den finalerako bertso-porra antolatu du Uztarria Komunikazio Taldeak. Txapeldunarengandik hasi eta zortzigarren sailkatura bitarteko izenen hurrenkera asmatzen duenak, izen-ematearekin bildutako diruaren %60a irabaziko du. Gainera, porran parte hartzen duten guztien artean Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko da. Apustuak 10 euro balio du. Animatu eta egin zuena!

Uztarria Komunikazio Taldeak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako bertso-porra antolatu du. Abenduaren 15ean, igandea, jokatuko da finala Barakaldoko BEC-en, eta hauek dira txapelaren bila ariko diren zortzi bertsolariak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi.

Saria edo sariak, eta zozketa

Uztarriaren bertso-porran sari bila ahalegindu nahi dutenek egin beharrekoa, finaleko sailkapena asmatzea izango da. Txapeldunarengandik hasi eta zortzigarren sailkatura bitarteko izenen hurrenkera asmatzen duenak, izen-ematearekin bildutako diruaren %60a irabaziko du.

Denak asmatzen dituen parte-hartzailerik ezean, sailkapen orokorrera gehien gerturatu denak jasoko du saria (goiko postuetatik hasita). Berdinketarik egongo balitz, diru-saria horien artean banatuko da.

Gainera, porran parte hartzen duten guztien artean Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako afaria zozkatuko da.

Jasotako diruaren %40a, berriz, Uztarriarentzat izango da.

Izen-ematea eta epea

Apustu bakoitzak 10 euro balio du. Izen-ematea Uztarriaren egoitzan, Etxe Zurin, Korralen, Orkatzen, Amaian, Sanagustinen, Iraurgi SBn, Jim Clarken eta Izaron egin daiteke. Izen-emate orria webgune honetatik ere har daiteke.

Uztarriaren bertso-porran parte hartzeko epea finalaren bezperan bukatuko da, abenduaren 14an, 17:00etan.

Animatu eta egin apustu, potorik gabe!