Ekonomia ardatz izango duten aurrekontuen atarian

Uztarria.eus 2013ko aza. 27a, 21:07
Sanagustinen egin zen herri kontseilua.

Denon Artean 2014 prozesuak egin du lehen urratsa. Sanagustin kulturgunean, astearte iluntzez, datorren urterako aurreikuspen ekonomikoaz eta udal aurrekontuak garatzeko kontuan hartuko dituzten ildo nagusiez aritu ziren herri kontseiluan Eneko Etxeberria alkatea eta Aritz Epelde zinegotzia. Arloetako eta auzoetako bilerak datorren astetik aurrera egingo dituzte eta, aurreko urteetan bezala, "iritzia eman eta ekarpenak egiteko" deia egin die Udal Gobernuak azpeitiarrei.

Azpeitiko Udala hasi da 2014rako aurrekontuak lantzen eta, aurreko bi urteetan egin bezala, oraingoan ere herritarrei aurrekontuen osaketan parte hartzeko bidea emango die, Denon Artean 2014 prozesuarekin. Prozesu hori abian jartzeko, Udalak deituta herri kontseilua egin zen atzo, asteartea, Sanagustinen. 40 bat herritarrek hartu zuten parte batzarrean eta, han, datorren urterako aurreikuspen ekonomikoaz eta udal aurrekontuak garatzeko kontuan hartuko dituzten ildo nagusiez aritu ziren Eneko Etxeberria alkatea eta Aritz Epelde zinegotzia. Aurrekontuak lantzeko, "iritzia eman eta ekarpenak egiteko" deia egin die Udal Gobernuak azpeitiarrei".

Parte-hartzea, gardentasuna baina, batez ere, ekonomia izan zen udal ordezkariek ahotan gehien erabili zuten hitza eta kontzeptua, beste behin. Ekonomia hizpide, alde batetik, Udalak 2014an zenbat diru izan dezakeen azaltzerakoan; eta, bestetik eta nagusiki, ekonomiaren sustapenean eragin nahi duelako Udalak aurrekontuen bidez. "Udal guztia ekonomiari begira jarri" nahi dutela esanez laburbildu zituen asmoak Etxeberriak.

Antzeko kopuruak, baina Madrili begira

Aurreikuspen ekonomikoari dagokionez, 2014a 2013aren bide bertsutik joango dela iritzi diote udal arduradunek, Udalak esku artean izango duen diru-poltsari dagokionez. Gipuzkoako Foru Aldunditik jasoko dutena -aurrekontuaren diru-sarrera handiena izaten da hori- aurten jasotakoaren antzekoa izatea aurreikusten dute eta, horrela, Udalaren aurrekontu propioa "16,5 milio inguruan" ibiliko dela; 2013an 16.304.180 eurokoa izan da.

"Madrili begira ere" badaude, ordea, Azpeitiko Udalean. Espainiako Gobernua udalen eskumenak muga ditzaketen hainbat neurri aztertzen ari da, "gastuak murrizteko araua", besteak beste, eta halakoak indarrean jarriz gero ikusi egin behar zertan eta nola eragingo lioketen Azpeitiko Udalari.

Udalaren zorrari dagokionez, gaur egun Azpeitiko Udalarena 4,8 milioi eurokoa dela azaldu zuen alkateak, 2007an eta Soreasuko proiektua medio 10 milioikoa zela gogora ekarrita.

Ildo nagusiak eta proiektuak

Ekonomiaren sustapena, gizarte zerbitzuak, hirigintza eta ingurumena dira Udalak 2014ko aurrekontuak lantzeko kontuan izan nahi dituen ildo nagusiak.

Krisiari eta haren eraginei aurre egiteko neurri zehatzak jarri nahi ditu mahai gainean Udalak, batzuk dagoeneko martxan direnak eta beste batzuk garatu asmo dituenak: sustapen ekonomikorako plana, eskualdeko enplegu plana, "laster martxan" izango den langabetuentzako orientazio zentroa, enpresa haztegietarako lokalak eta formazio ikastaroak, besteak beste. Eragile ekonomikoekin elkarlana bultzatzea izango da Udalak jarraituko duen bidea, bai erakundeekin, bai sektoreetako eragileekin. Gainera, eskualde mailako lankidetzan sakontzea eta baliabideak optimizatzea ere kontuan hartu nahi dituzte.

Gizartze zerbitzuen arloan, laguntza soziala indartzea izango da helburua. Horren barruan hainbat esparruri eragingo dioten hainbat neurri proposatuko dituzte; tartean, "garapen komunitarioa landu" nahi du Udalak, "formazioa eta lana uztartuta".

Hirigintzari dagokionez, aurten onartu den Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorra "oinarri eta tresna berria" izango dutela nabarmendu zuen Aritz Epeldek. Herriguneko auzoetan "akupuntura filosofiarekin jarraituko" dute, herritarrek aipatutako beharrei erantzunez "lan txikiak" eginez; bestetik, aurten osatu duten lan poltsaren bidez "eguneroko beharrei erantzun egokiagoa" emateko moduan direla uste dute, mantenu lanak indartuz. Urte hau bukatu aurretik hasiko dituzten zenbait lan aipatzearekin batera (Landetan espaloia zerrategiaren aldetik, beste espaloi bat Soreasun, Urrestillan plaza oinezkotu eta haur parke berria, eta Enparan Gainetik Odriarako bideko lanak), 2014rako erronka nagusiak Alde Zaharraren biziberritzearekin lotu ditu Udalak. Horrekin lotuta, azoka plaza eta plaza egokitzeko proiektua aztertzen ari dira.

Ingurumenaren arloan, hondakinen kudeaketa eta garraio publikoa hobetzen jarraitzeko neurriak izango dituzte esku artean. Hondakinei dagokienez, epe motzean aurkeztu nahi du Udalak bilketa sistema berria ezartzeko ENT enpresari esleitu zion azterketaren emaitza. Ondoren, "gai horrekin batzar edo herri kontseilu bat egiteko asmoa" dutela aurreratu zuen Eneko Etxeberriak.

Turismoa, trena, energia berriztagarriak...

Udal ordezkarien azalpenak bukatuta, herri kontseiluan parte hartu zuten herritarren txanda iritsi zen. Hainbat galdera luzatu zituzten herritarrek, askotariko gaien gainekoak. Done Jakue kaleko parkea, turismo sustapenerako asmoak, trena ezartzearen aukera, hezkuntza eta formazio eskaintza berritzearen aukera, energia berriztagarrien sustapena edota azoka plazan igogailua jartzearen proposamena jarri zituzten mahai gainean herritarrek.

Bilera egutegiaren aurreikuspena

Denon Artean 2014-ren barruan, arloetako eta auzoetako bilerak datorren astetik aurrera egingo dituzte. Udalak bilera egutegiaren aurreikuspen bat egina du (hemen ikus daitekeena). Aurreikuspen horretan bilera bakoitza zer egunetan egin asmo den agertzen da. Ordutegiak eta bilera-tokiak aurrerago zehaztuko dituzte.