Sevilla II-ko zuzendaritza ez da harremanetan jarri 30 egunez gose greban dauden presoekin

Berria.info, Uztarria.com 2013ko aza. 26a, 14:10
Borrokaldian dauden euskal presoen herrietako EH Bilduko hautetsiek agerraldia egin dute gaur goizean. Azpeitiko hiru zinegotzi ere bertan izan dira. (Oihana Elduaien)

Borrokaldian dauden euskal presoen herrietako EH Bilduko hautetsiek, (Azpeitiko hiru zinegotzik, tartean) egoera konpontzeko eskatu diete espetxeko zuzendaritzari eta Espetxe Erakundeei. 30 egun daramatzate jan gabe sei euskal presok, eta barauan ez daudenak itxialdia egiten ari dira; Jabi Agirre azpeitiar presoa, esaterako. Igandean Sevilla II-ko presoen egoera salatzeko manifestazioa egingo dute Donostian, eta hara joateko autobusa antolatu dute Azpeitian. Dagoeneko eman daiteke autobuserako izena Orkatzen.

Sevilla II espetxean 30 egun daramatzate jan gabe sei euskal presok, eta barauan ez daudenak itxialdian daude. Azken horien artean, itxialdian, da Jabi Agirre azpeitiar presoa. Hainbat eskubide urratuta dauzkatela salatu eta egoera konpontzeko eskatuz erabaki zuten borrokaldiari ekitea. Nolanahi ere, 30 egun daramatzaten arren, espetxeko zuzendaritza ez da oraindik harremanetan jarri preso horiekin. Isolamendua amaitzea, euskal presoak batera egotea, oinarrizko eskubideak errespetatzea eta "etengabeko jazarpen eta erasoekin amaitzea" eskatzen dute presoek.

Preso horien herrietako alkate eta zinegotziek (Azpeitiko Udaleko Bilduko hiru zinegotzi tartean) prentsaurrekoa eman dute gaur Donostian, eta udaletan aurkeztu eta onartzen ari diren mozioen berri eman dute. Lau eskari zehatz egin dituzte hautetsi horiek. Batetik, sakabanaketa politika bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari; bigarrenik, Sevilla II-ko espetxe zuzendaritzari eta Espainiako Espetxe Erakundeei espetxe horretako egoera konpontzera dei egin die; presoek beraiek egiten dituzten eskaerekin bat egin dute hirugarrenik; eta azkenik, gizarteari dei egin die "giza eskubideen eta bakearen defentsan antolatzen diren dinamiketan parte hartzera".

Enara Izagirre Etxerat-eko kideak salatu duenez, muturreko egoeran dauden Sevilla II-ko espetxean, eta "tentsionamenu konstantearen ondorioa" da presoek hilabetez aurrera daramaten borrokaldia. Ez dute bertan behera uzteko asmorik, nahiz eta ahulduta dauden. 15 kilo baino gehiago galdu dituzte.

Joan den ostiralean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek plazan, Jabi Agirreri eta Sevillako II-ko presoei elkartasuna adierazteko. Gainera, ostiral arratsaldeko bostetatik zapatu eguerdira arte baraualdia egin zuten zenbait herritarrek.

Hiru presok utzi dute osasun arazoengatik

Asier Arzalluz donostiarra izan da gose greba utzi duen azkena, osasun arazoengatik. Garikoitz Etxeberriak eta Urtzi Paulek ere arrazoi berberengatik utzi zuten greba, baina itxialdian jarraitzen dute Javier Agirre eta Iñaki Arakamarekin batera.

Gose grebarekin bat egin zuten Manu Gonzalezek eta Koldo Apariciok ere, baina biak aske geratu dira azken egunotan. Horrenbestez, sei euskal presok jarraitzen dute gose greban: Iker Agirrek, Gurutz Agirresarobek, Juan Mari Etxebarrik, Txus Goikoetxeak, Juan Lorenzo Lasak eta Roberto Lebrerok. Bakoitzak hamabost bat kilo galdu ditu, eta oso ahul daude, Etxerat-ek ohartarazi duenez.

Sevilla II-ko presoen aldeko elkartasun ekitaldiak ugarituz doaz egunez egun. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, esaterako, espetxeko zuzendaritzari eskatu diote bertako presoen giza eskubideak errespeta ditzala. EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren babesarekin onartu da ebazpena; PPk aurka bozkatu du. Bestalde, Etxerat-en ekimenez hainbat udaletan euskal presoen eskubideen aldeko mozioak aurkeztu dituzte.

Pintura PPko egoitzari

PPko Bizkaiko idazkari nagusi Nerea Llanosek salatu du pintura jaurti dutela alderdi horrek Getxon duen egoitzan. Horrekin batera, Sevilla II espetxean dauden presoen egoeraz ohartarazteko afixak bota dituzte egoitza horren aurrean.

"Odolez zikinduta dauzkazue eskuak, hiltzaileak. Espainiako Gobernu faxistak euskal preso politikoak suntsitu nahi ditu, bizi osorako lurperatuz, jipoiak emanez eta baldintza krudeletan bizitzera behartuz", idatzi dute afixetan.

Bestalde, Sevilla II-ko presoen egoera salatzeko igandean, abenduak 1, Donostian egingo den manifestazioa debekatzeko eskatu dio Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Manifestazioa 12:30ean abiatuko da, Bulebarretik. Gainera, manifestaziora joateko autobusa antolatu dute Azpeitian, eta Orkatzen eman daiteke izena.