Lizasotarrak: aita-semeak bertsotan

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 21a, 18:01
Aita-semeak, Erniarraitzen egoitzan entrenatzen. (AITOR MANTEROLA)

Txapelketa Nagusirako prestatu da Beñat Lizaso, Sebastian Lizaso aita maisu duela, eta bertsolaritzat hitz egin diote Hitza-ri. Garai bateko bertsogintzarekin lotzen dute beren bertsokera, Joxe Lizaso aitonarekin.

Beñat Lizasoren bidea Txapelketa Nagusian joan zen larunbatean amaitu zen, Oiartzunen. Finalerdietako lehen itzulian aurkitu du muga. Baina gustura dago egin zuen lanarekin: "Oro har, pozik geratu naiz egindakoarekin. Une batean lapsus antzeko bat izan nuen, baina bestela lasai ibili nintzen. Egia da beti dagoela zer hobetua, baina larunbaterako neure buruari jarri nion helburua bete nuen. Neu izatea nahi nuen, eta une batzuetan lortu nuen entzuleengana iristea kantatzen".

Balioa eman nahi dio Txapelketan egindako bideari: "Hori hor dago, eta asko kostatzen da honaino heltzea. Hurrengorako heldulekua hor izango dut".

Lizasotarren etxean, duda handirik ez da aita-semeak non dauden galdetzen bada. "Bertsotan", erantzungo du ziurrenik amak. Bertsolariak baitira biak, aita eta semea, aitona zen bezalaxe. Aurkezpen handirik ez dute behar, egia esatera, bertsolaritzako ikur handienetakoa baita Lizaso sendia.

Urola Kostako Hitza aurreko astean bildu zen aita-semeekin, larunbateko saioaren aurretik. Bertsotan harrapatu zituen kazetariak Azpeitian, Erniarraitz Bertso Eskolan.

Arkupean gehigarrirako egindako elkarrizketa osorik irakur daiteke Urola Kostako Hitza-ren webgunean.