Irantzu Varela: "Edertasuna ez da gaitasun bat, ezaugarri bat bakarrik da"

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 21a, 11:35
Irantzu Varelak emango du tailerra. (Iratxe Barandika)

Azpeitiko Emakumeen Txokoan bihar eta larunbatean Bellas a lo bestia tailerra izango da. Bertan izena eman nahi dutenek Emakumeen Txokora jo beharko dute, 943-15 70 55 telefonora deituta edota emakumetxokoa@azpeitia.net helbidera idatziz. Irantzu Varela (Portugalete, 1974) Faktoria Lilako kideak emango du tailerra. Gaur egun "emakumeen polita izateko beharraz eta inposatzen den edertasunaren eredu bakarraz" ariko da, hainbat material aztertuz eta horri aurre egiteko moduez jardunez. Urola Kostako Hitza-k Varelarekin hitz egin du.

Bellas a lo bestia tailerraren izenburuak atentzioa ematen du. Zeri buruzkoa izango da?

Izenburua gaur egun emakumeentzako inposatzen den edertasunaren eredu estandarra eta ankerra azaltzeko hitz jokoa da. Historian zehar, beti, emakumeoi ederrak izatea exijitu zaigu, garai eta testuinguru bakoitza gehiago dotoretzeko. Gaur egun emakumeok hainbat eremutan parekidetasuna lortu dugu, eta aurretik izan ez dugun askatasuna eskuratzen ari gara, baina edertasuna esklabotza eremu bihurtu da emakumeontzako. Emakumeok eder egoteko denbora eta esfortzu gehiago hartzen dugu. Ezarritakoa, arbitrarioa, ankerra eta lortu ezinezkoa den edertasun kanon bati erantzutea onartzen dugu,  eta osasuntsua dena baino denbora gehiago eskaintzen diogu. Benetakoak ez diren edertasunaren erreferente batzuk ditugu; hala nola, hamaika ukitu egin eta gero, telebistan edota iragarkietako karteletan agertzen direnak. Ezarri eta inposatutako edertasunaren eredu horri segika, emakumeok ahaleginak, bitartekoak eta frustrazio pertsonala muturreraino eramaten ari gara.

Tailerrean nola landuko duzue gaia?

Tailerraren ideia hainbat uste eta estereotipo desmuntatzen joanaz lan egitea da. Izan ere, bizi dugun kulturan eta sozializazioan, hainbat uste geureganatu eta gure pertsonalitatearen barne dela sinestarazten dugu. Baina uste hoiek benetan nola diren azalduz eta kanporatuz, funtzionatzeari uzten diote; esaterako, bai edo bai argalak izan behar dugun ustea, beti gazteak edota itxura jakin bat eduki behar dugulakoa. Uste horien azpitik dagoena azaleratuta, asko moda eta kosmetika industriek inposatutakoari erantzuteko direla ohartzen gara, edota beti gizonezkoen begietatik ikusten garela, eta ez gu geu geure begietatik. Desberdintasuna areagotu edo parekidetasunetik urruntzeko ezartzen dizkigutela deskubritzen dugunean, funtzionatzeari uzten diote. Horretarako tailerrean ikusentzunezko materiala, testuak eta dokumentalak ikusiko ditugu, eta gero ikusitakoaz eztabaidatuko dugu. Era askotako ariketak egiten saiatzen gara, indibidualki, bakoitzak izandako esperientzia pertsonalari lotuta gaia lantzeko.

Inposatutako edertasun eredu estandar horri nola egiten zaio aurre?

Batik bat norberak barrenetik egin behar dio aurre. Emakumeoi geure buruari besteen begietatik begiratzen erakutsi zaigu, besteok gu nola ikusten gaituzten ikustaraziz. Baina norberak bere burua bere begietatik baloratzen hasi behar du, ulertuz norbera nolakoa den dela garrantzitsua, eta ez kanpotik nolakoa den. Hau da, nork bere egin behar du edertasuna ez dela gaitasun bat, edertasuna ezaugarri bat bakarrik dela. Gaur egun edertasuna gainbaloratutako ezaugarria da, edertasuna ez da gaitasun bat, ez du ezer apartekorik eransten. Zera ulertu eta barneratu behar da, benetan zoriontsu egiten gaituzten beste gauza batzuk landu behar ditugula: pertsona bezala interesgarriago egingo gaituzten gaitasunak eta geu geure buruarekin zoriontsuago egotea egingo gaituztenak. Beraz, inposatutakoari barrutik egin behar diogu aurre, sinetsiz ez diogula ezarri diguten modelo edo eredu horri erantzun beharrik. Hainbat konturen aurrean errebeldiaz jokatzen dugu askotan, baina gero ez gara gai inposatu nahi diguten edertasun eredu horri aurre egiteko. Ni horrelakoa naiz, eta gustatzen ez zaiona ez dadila hurbildu; bera aterako da galtzen.

Bat argal, makillatuta, ederki jantzita, beti gazte… gustura senti liteke. Non dago muga?

Muga frustrazioan dago. Denoi gustatzen zaigu besteen gustukoa izatea, baina aurren-aurrena norberak bere buruarekin gustura egon behar du, barrutik egon behar du gustura; sano edo osasuntsu dagoenean bat gustura  eta hobeto dago, pixka bat zaintzen denean gusturago dago, ile polita duzula sentitzen duzunean, distira egiten dizula…

Baina horrek bati ezin dio frustrazioa eragin. Hori iragarki bateko edota modako eredu bat segitzeko egiten bada, borroka galdu bat da, lortu ezinezkoa delako. Osasuntsu egotea, irudi atsegina izatea eta ondo sentitzea helburu izatea ondo dago, baina beste baten antza izateko ahaleginak beti frustraziora eramango gaitu.