Fernando Oregik irabazi du Mendiko XVIII eta Udazkeneko XXIV. Argazki Rallya

Uztarria.eus 2013ko aza. 20a, 11:23

Fernando Oregik irabazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako XVIII. Mendiko eta XXIV. Udazkeneko Argazki Rallya. Horrenbestez, 180 euro eta garaikurra jasoko ditu. Sailkapenean bigarrena Carlos Cos (iazko rallyaren irabazlea) izan da eta 150 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Hirugarren postuan Maider Odriozola azpeitiarra sailkatu da eta 120 euro eta garaikurra irabazi ditu.

Saritu gabeko lehenengo herritarraren saria Valen Garciak eskuratu du (90 euro eta garaikurra jasoko ditu), eta argazki onenaren saria, berriz, Maider Odriozolak Bidea gaiaren bueltan ateratako argazkiari esker (60 euro eta garaikurra eskuratuko ditu).

Orotara 39 argazkilarik hartu zuten parte helduen rallyan, eta Herriz herri sailkapenerako puntuagarriak izango dira argazkilariek lortutako emaitzak.

Gaztetxoen sailkapenari dagokionean, Enaitz Laiglesiak irabazi du rallya, eta 30 euroko erosketa-balea eta garaikurra jasoko ditu. Bigarrena, Miren Froilan izan da, eta 20 euroko erosketa-balea eta garaikurra eskuratuko ditu. Hirugarren sailkatua Eneko Altuna izan da. Hori dela-eta, 15 euroko erosketa-balea eta garaikurra jasoko ditu. Hamar gaztetxok hartu zuten parte rallyan.

Sari banaketa ekitaldia datorren zapatuan, hilaren 23an, egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan (Elizkale, 21). 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta sariak eman aurretik azaroaren 3ko rallyan ateratako argazkien proiekzioa eskainiko dute.