Santa Xexilitako ekitaldietan 'Zu ere On kixote?' ikuskizuna egingo dute ostiralean

Urola Kostako Hitza 2013ko aza. 19a, 11:17
Azpeitiko Santa Xexilitako ekitaldien aurkezpena, larunbatean, Azpeitiko udaletxean. (Nerea Uranga)

Gaurtik zapatura bitartean hainbat ekimen izango da, Santa Xexiliren baitan. Besteak beste, ostiralean, 70 bat herritarrek eta hainbat kultur taldek elkarlanean, Zu ere On Kixote ikuskizuna eskainiko dute, Soreasu antzokian. Ostegunean, berriz, Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleen jaialdia izango da, Soreasun.

Santa Xexili egunarekin lotuta, gaurtik (asteartea) hasita musikarekin lotutako hainbat ekitaldi egingo da Azpeitian. Mikel Ibarzabal Festetako zinegotziak nabarmendu duenez, "herritarren eta herriko taldeen parte hartzea izango duten ekitaldiak izango dira oraingo honetan ere", horren adibide ostiralean Soreasu antzokian izango den Zu ere On Kixote? ikus-entzunezkoa jarri du, "era batera edo bestera, 70 lagun inguruk hartuko baitu parte". Ekitaldien aurkezpenean ikuskizunaren zuzendari Maite Agirrek azaldu duenez, "aitzaki honekin Agerre teatroa eta Imuntzo eta Beloki trikitilariak batu eta joan den urtetik biran hasi ginen, batetik bestera. Proposamena da herriko talde artistikoekin osatzea ikuskizuna. Horregatik, proposamen bakoitza bakarra da".

Azpeitirako proposamen honetan herriko parte-hartzaileak dira: Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilariak eta txistulariak, Luis Beltza Dantza Eskola, Barrenetxea Abesbatza, Jokin Uranga bertsolaria, Aizpea Ibarbia antzezlea eta Jose Mari Orbegozo eta Amaia Gonzalez saloiko dantzariak. Oholtzatik ikusleari galdera asko luzatzen dizkiote eta haiek ere parte direla azaldu du Agirrek. "Oso esperientzia ona eta aberatsa izaten ari gara, trikitixa, teatroa eta herria bat eginez". Orbegozok aurreratu duenez ostiraleko ekitaldian bi pieza dantzatuko ditu.

Santa Xexiliren bueltan, aste honetan herrian izango diren ekimenak:

Azaroak 19, asteartea: 17:30ean, Musikalean ekimena, Juan Antxieta Musika Eskolakoen kalejira eta ondoren musika eskolan txokolate-jana.

Azaroak 21, osteguna: 19:30ean Juan Antxieta Musika Eskolaren jaialdia, Soreasu antzokian. Ikasleei diplomak ere banatuko dizkiete.

Azaroak 22, ostirala: 19:30ean Zu ere On Kixote? ikuskizuna, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin, Agerre Teatroko kideekin, Soreasu antzokian. 70 lagun inguruk hartuko dute parte. Helduen sarrera 5 euro da eta haurrena 3 euro.

Azaroak 23, larunbata: 18:00etan, Udal Musika Bandaren kalejira. Manolete pasodoblea, klasikoa, Espartacus baleteko pieza batzuekin, Borja Izagirrek saxofoiarekin hiru zati dituen obra bat joko duela, eta bukatzeko pieza modernoagoak joko dituzte. "Kontzertua nahiko zaila da eta hor ari gara azken ukituak emateko lanean", esan du Unai Frantzesena Azpeitiko Musika Bandaren zuzendariak.