Beñat Lizaso: "Seigarren izateak pena ematen du, ikusten duzu-eta hurrengo langa hortxe dagoela"

Uztarria.eus 2013ko aza. 18a, 14:20
Oiartzungo saioan kantatu zuen Beñat Lizasok. (Bertsozale Elkartea)

Oiartzunen, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoen lehen itzuliko azken aurreko saioan seigarren sailkatu zen azpeitiarra. Lehen itzulia bukatu da, eta lortutako puntuak tarteko, ez da bigarren itzulian izango. Bezperan oheratu zenetik Oiartzungo saioa bukatu artean egindakoak eta sentitutakoak errepasatu ditu Lizasok Uztarria.com-erako.

Ostiral gaua, ohera zoaz. Garaiz, betiko orduan...?

Beti bezalakoa izan zen ostiral gaua. Afaldu egin genuen, hamaika hilabeteko umeak lo hartu zuenean, 11:00ak aldean, neu ere ohera.

Lo ondo egin al zenuen?

Bai. Aste guztia goizeko erreleboan lan eginda, eta logureak nengoen. Normalean, saioen bezperan ondo egiten dut lo. 

Goizean jaiki, eta...

Paseoa egin nuen Xixtila-Erreka aldean. Pixkat hasteko neure munduan sartzen eta agurrak pentsatzen. Burua despejatzera atera nintzen, batzuk kontzentratzera esaten dioten hori egitera. Bueltatxoa egin lasai-lasai, etxera joan eta bazkaldu egin nuen, saio aurretik.

Zer ordutan ailegatu zineten Oiartzunera?

Jokin Oiartzunen bizi da eta 16:00ak aldean berarekin kafea hartu nuen. Azken gauza batzuk hitz egin berarekin, eta 16:30ak aldean, pilotalekura joan ginen.

Zozketan, bigarren. Zer pentsatu zenuen?

Nahiago izaten dut hasieran hastea. Baina, beti ematen du zera hori: zeuk hasi behar duzu, zeuk jarri behar duzu saioaren maila non dagoen… eta bueno, ez zitzaidan gaizki iruditu, baina, beti pentsatzen duzu "ia nola hasten garen". Askotan hastea tokatzen zaizu bigarrena izanda. Geu hasi ginen zortziko handian, txikian ere bai… Baina, beno, ordenak ez dit halako alderik eragiten.

Saioaren hasierara itzulita. Tranpaldora irten, eta frontoia jendez lepo. 1.500 lagun zuei begira.

Alde batetik, ederra da nire edo gure zain hainbeste jende ikustea. Baina, ematen du zerbait. Ez da taberna zulo batean hamar lagun begira daudela aritzea bezala. Inpresioa egiten zuen Oiartzungo pilotalekuak. Jendea behean zegoen, eta goian ez zen hainbeste ikusten. Goian 400 bat aulki eta behean 1.100 bat zeuden. Toki ederra, bai, baina kantatu egin behar. Lasai egonez gero, ederra da hainbeste jenderen aurrean kantatzea.

Zure aurreneko txandan, zortziko handian, Jon Maiarekin aritu zinen.

Zozketa egin orduko jakin nuen Jon Maiarekin kantatu behar nuela. Sekula kantatu gabe nengoen Maiarekin, eta txapelketan kantatu behar nuen aurrenekoz. Lehen ariketa Maiarekin. "Ohore bat da, Jon Maiak ondo egingo du eta ia nik ere ia segitzen diodan", pentsatu nuen. Gusturura jardun nuen, nahiz eta azken bertsoak alde egin zidan.

Gero, zortziko txikian, Aitor Sarriegirekin. Gaia gaizki ulertu al zuenuen?

Gaia ondo ulertu nuen. Txarrena hori da. Gaia ondo ulertu nuen, ze gaia planteatu zuten bezala, berak azalpenak eskatu zizkidan niri. Nik azalpenak eman egin nizkion, baina banekien zertan ari nintzen. Ikusi nuen jendearen erreakzioa lehen bertsoaren ondotik, eta "non sartu naiz ni orain" pentsatu nuen. Ulertu nuen gaia, baina ez nuen ondo bideratu, eta hortik aurrera… Ondo ulertu eta hala ere gaizki jardun! Hori ez dago barkatzerik!

Puntua emandakoetan, Filipinetako tifoia…

Puntu serio eta sinpleak ziren. Normalean puntuak hobe da umorearekin erantzutea, baina haiei ez zegoen umorez erantzuterik. Aurrena nola-hala bota nuen, bigarrena nahiko ondo bukatu nuen, eta hirugarrena ere bai. Ez eroso eta deseroso, hortxe aritu nintzen. Ez zen gai alaia, eta gustura gelditu nintzen egindako lanarekin.

Sei puntuko motzean, Odei Barrosorekin.

Bi rokero zaharren paperean jarri gintuzten. Hogei urteren bueltan hasi behar izan genuen. Doinua ere aldatu egin genuen, betikoan egin gabe. Izenak sartzea falta izan zitzaidan, baina gustura jardun nuen. Azken bertsoan nahi nuen talderen bat aipatu: Lin Ton Taun, EH Sukarra, Urtz bueltan datorrenez… baina Barrosok Negu Gorriak aipatu zidan.

Eta azken txanpa luzean, kartzelakoa.

Kartzelari trauma nion lehen. Kartzelan beti gaizki aritzen nintzen. Lehena kantatzen nuen, bigarrena etortzen zen eta hirugarrena ahal zen moduan bukatzen nuen. Aurten landu dut pixkat kartzelakoa.

"Oheko maindireak edo mihiseak, egunero aldatu behar izaten dituzu.", zein gaia.

Gaia zen pixkat… Ia zerri kantatu behar diodan pentsatu nuen. Aurrena txiza etorri zitzaidan burura. Baina, banuen familiako bat minbiziarekin, emazteari esan ziona maindireak ilunak jartzeko bera ez txokatzeko. Hori etorri zitzaidan, eta huraxe aukeratu nuen txiza baino hobea izango zelakoan. Nik uste nahiko eskema polita egin nuela, hasi eta bukatu nuela, eta gustura gelditu nintzen kartzelarekin.

Puntu gehien ariketa horretan batu zenituen.

Bai. Azkenean, puntu gehiena kartzelakoan. Besteetan ez oso gaizki jardun nuelako ustez, baina… Zortziko txikian zaplasteko ederra jaso nuen. Puntu-erantzunetan eta zortziko handian eta… oso eskuzabal ez ziren ibili.

Kartzelakoarekin bukatu ziren ariketak. Puntuazioen zain egon behar gero. Zer espero zenuen?

Nik nuen sentsazioa lasai ibili nintzela, eta ez Legazpin bezala. Legazpin asko sufritu nuen. Dena den, banekin zortziko txikiarekin zaplastekoa emango zidatela, haren zain nengoen. Joaterako pentsatzen nuen seigarren izan nintekeela, aukera asko nituela, baina hain puntu gutxi batzea ez nuen espero. 600 puntura ere ez nintzen iritsi! Baina beno, txapelketa halakoxea da.

Eta, zer sentitu zenuen seigarrena zinela entzutean?

Alde batetik, bakea eta dena. Txapelketak asko nekatzen du. Prestatu ere tamainan egin gara, umearekin ez dago-eta ezertarako astirik. Hala ere, pena ematen du ikusten duzu-eta hurrengo langa hortxe dagoela. Saioa bukatutakoan pentsatu nuen: honaino ailegatu gara, ez dira asko ailegatzen eta berriz iristea ere kostako zaigu. Ez da trauma, baina zortziko txikiko ariketa horri esker, hain puntu gutxi jasotzea...

Aurtengo txapelketarako jarritako helburuak bete al dituzu?

Bai. Nik txapelketari eman diodana baino gehiago eman dit txapelketak bueltan. Txapelketak asko eskatzen du, asko prestatu behar da. Gu prestatu gara, baina tamainan. Asko urte hasieran hasi ziren prestatzen, eta guri otu ere ez. Orain pena hori badaukat, gehiago ez saiatu izanaren pena, baina helburuak ondo beteta daude.