Euskal Antzerki Topaketen azken aste bukaera

Uztarria.eus 2013ko aza. 15a, 18:18
'Dena berriz bueltatzen da' emango dute zapatuan Emakumeen Antzerki Tailerrekoek.

Gaur, ostirala, Itzurungo Uhinak taldeak Zaharrak berri... lana aurkeztuko du Soreasun (21:30). Bihar, berriz, herriko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek Dena berriz bueltatzen da taularatuko dute (21:30). Igandean, Dar-Dar Produkzioen Eta zer? II-rekin (18:00) amaituko da 2013ko edizioa.

XXXI. Euskal Antzerki Topaketen azken txanpa iritsi da. Gaurtik igandera, 2013ko edizioaren azken hiru emanaldiekin gozatzeko aukera izango da Soreasu antzokian.

Gaur, ostirala, Zumaiako Itzurungo Uhinak taldeak Zaharrak berri... izeneko lana emango du, 21:00etan hasita. Inazio Tolosa zuzendariaren hitzetan, "gure buruaz, gure zahartzaroaz, zahartzaroaren irudiaz edo ideiaz barre egiteko sortu dugu antzezlan hau". Joan den uztailean, obraren estreinaldiaren atarian, argibide gehiago eman zituen Tolosak Baleike.com-en egin zioten elkarrizketan.

Zapatuan, berriz, herrikoen txanda izango da. Alaitz Olaizolak gidatutako Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak hamar urte bete ditu aurten eta, hori ospatzeko, joan den maiatzean taularatu zuten estreinakoz Dena berriz bueltatzen da lana, urte hauetan taldetik pasatu diren hainbat emakumeren parte-hartzearekin. Bihar, 21:30ean, obra berezi hori ikusteko azken aukera izango da Soreasun.

Igandean, bereziki haurrei eskainitako ikuskizun batekin esango dute agur aurtengo Antzerki Topaketek. 18:00etan hasita, Dar-Dar Produkzioak taldeak Eta zer? II taularatuko du.