Beñat Lizaso Oiartzungo finalaurrekoan izango da zapatuan

Uztarria.eus 2013ko aza. 15a, 13:32
Oiartzungo finalaurrekoan oholtzan izango diren sei bertsolariak.

Bihar, zapatua, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian jokatuko da Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa, 17:30ean hasita. Beñat Lizasorekin batera oholtzan izango dira Alaia Martin, Jon Maia, Agin Laburu, Odei Barroso, eta Aitor Sarriegi. Lizasok Bertsoa.com webguneari adierazi duenez, "ez nintzen oso konforme atera eta orain esperantza badut zeozer egiteko. Konsziente izanda egin litekeela eta egin gabe geratzeko arriskua ere badudala".

Sei bertsolari izango dira bihar, zapatua, Oiartzungo Elorsoro kiroldegiko oholtzara igoko direnak. Asteburuan izango dira Bertso Txapelketa Nagusiko finalaurretetao lehen itzuliko azken bi saioak, eta Alaia Martin, Jon Maia, Agin Laburu, Beñat Lizaso, Odei Barroso, eta Aitor Sarriegi ariko dira kantuan, 17:30ean hasita.

Aitor Sarriegik eta Jon Maiak aurrenekoz kantatuko dute zapatuan. Gainerako lau bertsolariek, berriz, kanporaketetan lortu dute finalaurrekoetarako txartela (zuzenean saioa irabazita ala puntuazioari esker). Beñat Lizasok esaterako, Legazpiko saioan lortutako puntuazioari esker lortu du finalaurrekoetan aritzeko pasea.

Lizasok biharko saiora begira honakoa adierazi du Bertsoa.com atarian: "Zain jarrita nago ni, baino ondo. Aho zapore txarra utzi zidan aurreko saioak (Legazpi). Ez nintzen oso konforme atera eta orain esperantza badut zeozer egiteko. Konsziente izanda egin litekeela eta egin gabe geratzeko arriskua ere badudala. Hamabost bertsotan edozer gerta daiteke. Finala, berriz, oso urruti ikusten dut. Hor aurrena salto txiki bat badago eta hori pasaz gero gustura. Baina, ni konforme nago egindakoarekin. Urtean bost saio eginda ez dago askoz gehiago eskatzerik.  Saioa polita tokatu zait. Esaterako, Jon Maiarekin ez dut sekula kantatu eta bai, gogoa badut."

Aurreko fasearekin alderatuta, finalaurrekoetan aldatuko egingo dira bertsolariek egin beharreko lanak, eta ondorengoak izango dira:

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Gainerako saio guztietarako bezala, Oiartzungo finalaurrekorako sarrerak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai, eta sarrera gutxi batzuk besterik ez dira geratzen.

Oiartzungo saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Donostian azaroaren 24an jokatuko den bigarren itzuliko bigarren finalaurrekora. Gainerako bertsolariek zain egon beharko dute lehen itzuliko finalaurreko guztiak jokatu, eta bigarren itzulirako sailkatuko ote diren jakiteko. Igande honetan jokatuko da finalaurretako lehen itzuliko azken kanporaketa, Murgian, eta orduan jakingo da zein 18 bertsolari ariko diren finalaurrekoetako bigarren itzulian.

Jokin Urangak joan den zapatuan Gernika-Lumon abestu zuen, eta bigarrena izan zen, Amets Arzallusen atzetik. Han lortutako puntuazioari esker, finalaurrekoetako bigarren itzulian izango da.

Finalerako sarrerarik ez

Aste honetan agortu dira abenduaren 15ean Barakaldoko BECen jokatuko den finalerako sarrerak. Bertan izango da Maialen Lujanbio egungo txapelduna eta beste zazpi bertsolari.