Ateak Irekiren itxiera salatu du Hekimen Euskal Hedabideen elkarteak

Uztarria.eus 2013ko aza. 15a, 11:16

Ateak Ireki webgunearen leihoa itxi zuen herenegun, asteazkena, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak. Hekimen Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen elkarteak, tartean Uztarria Komunikazio Taldeak, "informazio askatasunaren kontrako neurritzat jo du itxiera".

Ateak Ireki webgunearen itxiera salatu du Hekimen Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen elkarteak prentsa ohar bidez. Hekimenek, "informazio askatasunaren kontrako neurritzat jo du itxiera", eta Uztarria Komunikazio Taldeak ere bat egiten du salaketarekin. Hori dela-eta, "elkartasuna agertu nahi die atari hori martxan jarri eta bertan lanean aritu diren guztiei", dio oharrak.

"Hekimenek informazio askatasunean sinesten du. Komunikabide bat ixteak askatasun horren aurka jotzen du bete-betean, komunikabideek horixe egiten dutelako, informazioa askatasunez zabaldu, hedatu eta gizarteratu". Hekimenen arabera, "Ateak Ireki ekimenaren galera, alde horretatik, herritarrek informatuak izateko daukaten askatasunaren kontra doa".

Ateak Ireki webgunearen leihoa itxi zuen herenegun, asteazkena, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, eta egun horretan bertan jakinarazi zuten berria webguneko kideek beraiek, Twitter bidez. Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta, Herrira mugimenduarekin lotu du webgunea Auzitegi Nazionalak, eta sarbidea galarazteko eskatu die telefonia enpresa batzuei. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, "ETAren aldeko Herrira-ren legez kanpoko jarduna" saihesteko hartu dute erabakia, webgunea "kaltegarria eta delituzkoa" dela argudiatuta. Dena den, epaia ez da irmoa oraindik, eta helegitea jartzeko aukera zabalik dute.

Ateak Ireki ez ezik, beste hiru atari ere itxi dituzte www.egindezagunbideadonostia.com, www.etengabe.wordpress.com eta www.zarauzkoherrira.wordpress.com. Beraz, joan den irail amaieran Herrira-ren aurka abiatutako sumarioan sartu du Velascok Nafarroako komunikabidea.